GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Sindikatuen urratsa, sektore publikoaren alde


E AEko sektore publikoko langileek greba egin zuten atzo, ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuen deialdiari jarraituz. Aldi baterako kontratupean lan egiten duten 60.000 pertsona ingururen lan baldintzak egonkortzea izan zen eskaera nagusia. Horrez gain, sektore publikoaren garrantzia aldarrikatu zuten grebalariek. Nafarroan ere, irakasle ez unibertsitarioek eta unibertsitate publikoko administrazio langileek greba egin zuten. Ohi denez sindikatuak pozik agertu ziren deialdiak jasotako erantzunarekin, eta Gobernuak eta patronalak, berriz, garrantzia kendu zioten.

Lakuako bozeramaileek gaur egungo testuinguruan grebak zentzurik ez duela esan zuten, baina atzoko mobilizazio zabalak erakutsi zuen sektore publikoaren egoera orokorra kaskarra dela. Alde batetik, azken krisitik etengabeko murrizketak sufritu dituzte zerbitzu publikoek. Horren erakusgarri, aldi baterako kontratu kopuru izugarria. Bestetik, oraingo osasun-krisiak ahalegin berezia eskatu dio sektore publikoari eta ahalegin horrek agerian utzi du inbertsio falta eta zerbitzu askotan egin diren murrizketak. Esate baterako, Gasteizko Gobernuak txertaketa kanpaina azkartzeko, langile gehiago kontratatu ordez, mutuekin lan egitea lehenetsi du hasieratik. Urkulluren Gobernuak sektore pribatua administrazio publikoaren aurretik jarri du beti. Hori ez da kontu ideologikoa soilik, estrategia orokor bat baizik. Zerbitzu publikoak ahulduz, herritarrak sektore pribatuen eskaintzara hurbiltzea bultzatzen ari da Gobernua. Horrela, ez du deus pribatizatu beharrik; aski du publikoa dena hustea. Konturatzerako edozein zerbitzu jaso ahal izateko eskaintza pribatura joko du jendeak, itxaron zerrendak direla, plazak direla eta abar.

Zerbitzu publikoen etorkizuna orain dago jokoan. Ahultze prozesu horri buelta eman behar zaio eta, horretarako, ezinbestekoa da kontratazio egonkorrak aldarrikatzea eta inbertsio publikoak eskatzea. Sindikatuek pausoa eman dute, baina erronka orokorra da, euskal gizartearena.