Iker GURRUTXAGA
ANNE LUKIN MUSIKARIAREKIN SOLASEAN

«Al día siguiente», bigarren zentzuekin jolasean

«Al dia siguiente» bere debuteko diskoko abesti guztiak esperientzia pertsonaletatik abiatuta sortu ditu Anne Lukin iruindarrak. «Operación Triunfo» saiotik jaitsita igo da oholtzetara eta lehen diskorako puntako kolaboratzaileak izan ditu: Zahara eta Gorka Urbizu tartean.

Plato bat jendez mukuru zela abestetik, lehen kontzertuak eseritako publikoaren aurrean ematera pasatu da Anne Lukin (Iruñea, 2001) abeslaria. «‘Operación Triunfo’ aurretik ez nuen beste ezer ezagutu, abesbatzetan eta aritzen nintzen baina kito. Hortaz, ez daukat kontzertuen inguruan konparatzeko ezer. Urtebeteko prozesua izan da diskoarena eta oso pozik nago eta zorte handikoa sentitzen naiz kontzertuak baditudalako. Nire kantuak bandarekin eta jendaurrean abesteko nahia nuen eta hori betetzen ari da», kontatu digu Lukinek.

Diskoko abesti guztiak esperientzia pertsonal batetik abiatuta sortu ditu Iruñeko artistak: «‘Quién eres?’ izeneko kantua, batetik, ezagutzen duzun pertsona beste bat bihurtzen dela ikusten duzunean sortzen da. Baina, itxialdiaren ostean, musikaren eta haren industriaren inguruan sortzen zitzaizkidan galdera asko ere jasotzen dira abestian. Itxialdia baino lehen pare bat abesti nituen kaleratuta, baina ez nekien ezer industria honen inguruan eta are gutxiago zer etorriko zen ginen egoeran. Banuen kezka hori nire barruan».

Adele, Queen edo Elton John bezalako artistak aipatu izan ditu bere erreferentzien artean, baina kolaborazioen artean Zahara artistarena izan da bat, “Lo típico” abestian, eta hura ere erreferente izan da Anne Lukinentzat: «Bera ezagutzea, abesti bat elkarrekin konposatzea, elkarrekin abestea eta nire diskoan bera tartean izatea amets bat betetzea izan da. Musika modu antzekoan ulertzen dugu eta oso erraza izan zen ‘Lo típico’ sortzea. Kantuen hitzen ideia kontatu nionean, 20 urteko aldearekin baina berdin sentitzen zela esaten zidan. Kantua bere etxean egin genuen, egun bakarrean –jarraitu du Lukinek– eta bukatzean esan nion ea elkarrekin abestuko genuen diskoan eta baiezkoa eman zidan. Oso erraza izan da berarekin lan egitea, baita Alberto Jimenez eta Gorka Urbizurekin ere».

Maitasunaren inguruan idatzi ditu kantu gehienak Lukinek, baina ez da horretan bakarrik zentratu: «‘Moñas’ bat naiz eta nire kantuetan hein batean hori badago, baina abestiek bigarren zentzua dute. Maitasuna idealizatu egiten dugu eta, klixe guztien gainetik, maitasuna eguneroko gauza txikietan dagoela uste dut. Dena dela, abestien hitzek beti bigarren zentzu bat ere badute».

Ricky Falkner ekoizle lanetan

Ezaguna da euskal artisten artean La Casa Murada estudioko Ricky Falkner. Berri Txarrak, Zea Mays, Gatibu edo Ken Zazpi taldeekin aritu izan da, baina Love of Lesbian edo Sidonie bezalako erreferentziak ere Falknerren eskuetatik pasatutakoak dira. Lukinekin Falkner ekoizle eta musikari bezala aritu da eta Marti Perarnau, David Soler, Xavi Mole… eta denei esker oneko hitzak eskaini dizkie Lukinek: «Diskoa grabatzea nire bizitzako esperientzia onenetarikoa izan da. Abestien ekoizpenarekin oso pozik nago, konposatzen nituenean irudikatzen nituen bezala geratu direlako. Askotan zuk espero zenuenetik asko urruntzen da kantua ekoizlearen eskuetan utzi ostean, baina Rickyrekin emaitza perfektua izan da».

Modu bitxian konposatu ditu diskoko abesti gehienak Lukinek, gurasoen etxean. «Haien ohearen gainean eta ukelelearekin daude konposatuta abesti ia guztiak. Orain ari naiz gitarra eta pianoa jotzen ikasten, baina ez ditut nahi bezain beste menderatzen. Hartara, ahotsa eta ukelelea baliatuz sortzen ziren kantuak eta Rickyri whatsapp bidez bidaltzen nizkion buruan nituen ideiak. Bera abentura honetan alboan izatea sekulakoa izan da eta musikalki eta pertsonalki sortu den harremana oso polita da», gaineratu du Lukinek.

Gurasoen ohetik

Gurasoen ohean konposatutako kantuetan bat bada haiei zuzendutakoa. Hunkigarria bezain berezia den “Cariño” abestiaren inguruan hitz egiterakoan, oraindik ere hunkitu egiten da Anne Lukin: «Kantua erakutsi nienean ez dakit nork egin ote zuen negar gehiago; haiek, ahizpak edo nik. Etxekoentzat ere gogorra izan da prozesu hau guztia; izan ere, gurasoentzat gogorra izan da 19 urterekin etxetik alde egitea eta hori guztia, ez baita ohikoena egun. Baina haiek eman dizkidaten balioak beti datoz nirekin. Nire bizitzako etapa desberdinei buruz hitz egiten da estrofa bakoitzean, eta tartean gurasoek eman dizkidaten gomendioak jaso ditut. Baina gomendio horiek nirekin datoz beti eta nik uste mundu guztiak antzekoak jaso dituenez, entzuleak akaso identifikatuta sentituko direla».

Baina berarentzat ere ez da bide samurra izan askotan eta hori kontatu du “Mañana es viernes” izeneko kantuan. Lagunen eta etxekoen falta sumatu duela aipatzen du abestian, nahiz eta doinu alaiak erabili dituen horretarako. «Ongi pasatzeko sortuta dago kantua, nire baitan ditudan arazo edo drama txiki horiek modu dibertigarri batean bideratu asmotan. Gogorra da bizitza estiloa egun batetik bestera aldatzea. Duela bi urte nire ordutegiak eta egutegia finkatuta nituen, unibertsitatera joaten nintzen eta gutxi gehiago. Baina, orain, egunerokotasuna nahikoa kaotikoa da eta horretara ohitzea gogorra izan da. Dena dela, musikarekin sentitzen dudana ez dut beste ezerekin sentitzen eta bukaeraraino joan nahi dut musikarekin, beste dena konpentsatzen duelako», azaldu digu iruindarrak.

Ikus-entzuneko Komunikazioa ikasten hasi zen Bilbon eta egun ezin izan dio horri eutsi. «‘Operación Triunfo’-n hasi nintzenean utzi behar izan nuen graduko lehen maila, baina ez dut esango berriz ere egingo ez dudanik. Akaso zortzi urte barru itzuliko naiz ikasketetara, batek daki. Arteko diziplina guztiak oso lotuta daudelako. Ezin nion nahi besteko denbora eta arretarik eskaini eta gauzak ongi egitea gustatzen zait, asko eskatzen diot nire buruari halakoetan. Egun, musika ikasketak egiten ari naiz eta horretan zentratuta nago, gitarra eta pianoa jotzen ikasten nabil, besteak beste», kontatu digu Lukinek.

Euskara lau haizeetara

Anne Lukin telebistan euskaraz abesten entzun genuen lehen aldia Maialen Gurbindo “Chica sobresalto” alboan zuela izan zen, “Operación Triunfo”-ko oholtzan, Ken Zazpi taldearen “Ilargia” abestuz. Egun musika ikasketak edo musika esperientzia handiko jendea elkartzen da talent showetan eta horren inguruan ere bere gogoeta badu Lukinek: «Ez dut ulertzen jendeak saio honekiko duen aurreiritzia. Aizu, artistaren musika gogoko baduzu aurrera. Berdin du nondik datorren. Saio honetan egon garenok badugu kristalezko sabai moduko bat eta badirudi birritan erakutsi behar dugula balio dugula. Lehendabizi saioan eta gero saiotik irten eta gero berriz ere musikarako balio dugula erakutsi behar izaten dugu».

“Operación Triunfo” saioan euskaraz abestu zuten lehen lehiakideak izan ziren bi abeslari nafarrak: «Guk eskatu genuen euskaraz abestu nahi genuela, gainerako hizkuntzatan abestu izan delako. Ez dut gogoan ea kanturen bat ote genuen gure buruan-edo, ez dakit, baina gure esku egon balitz seguruenik ez genuen ‘Ilargia’ aukeratuko, ezagunegia-edo delako. Gainera Maialenek eta biok antzerako gustuak ditugu musikarako eta hori jakinda ziur zerbait desberdina aukeratuko genuela. Baina pentsa, bi nafar, euskaraz abesten, Televisión Españolako talent show batean, guretzako bazen halako gauza berezi bat. Azpitituluak jartzeko eskatu nien nik, beste hizkuntzetako abestiak entzutean haren falta sumatu izan dudalako eta, tira, lortu genuen».

Hartara, oso argi zeukan Lukinek diskoan ere euskarazko kantu bat sartu behar zuela: «Euskaraz abesten zuten artisten izenak zerrendatzen hasi nintzen eta Rickyk proposatu zidan Gorka Urbizuri esateko. Nik esan nion artista puska honek, jainko honek, ezetz esango zidala. Bi urte pasatu ziren ezer kaleratu gabe edota jendaurrera irten gabe zegoenetik, eta baiezkoa eman zidanean sekulakoa izan zen. Hasiera batean abestia elkarrekin konposatzea baino ez zen asmoa, eta bere etxean izan nintzen bi egunetan lana oso ondo egin genuen, ondo ulertu genuen elkar. Gero, grabaketa ikustera baino ez zen etorri printzipioz, baina gitarra jotzera animatu genuen, abestera… eta azkenean bideoklipean ere hartu du parte. Mirari moduko bat gertatu da».

Hitzen ideia Lukinena den arren, Urbizuk buelta bat eman zion kantuari: «Nik modu batetara idazten dut eta Gorkak gero letrari buelta handi bat eman dio, poetikoagoa eta borobilagoa dena». Lekunberri ondoan, Aralarren, grabatu zuten goiz batez “Lisboa” kantuaren bideoklipa.

Kantuak egiteko askatasuna

Bost minutuko kantua da “Lisboa” eta Lukinen debuteko lanak baditu halako iraupeneko abesti gehiago ere; eta hori ez da ohikoena hasiberrien artean. «Gauza da entzuten dituzula eta ez diruditela hain luzeak diskoan iraupen hori duten bi kantuek. Dena dela, nik ez du kontsumitzaileengan gehiegi pentsatzen kantuak idazterakoan. Askatasun osoz konposatzeko aukera izan dut diskoa egiteko garaian. Oso argi neukan musika sortzerakoan askatasun osoa izan nahi nuela, zenbakietan pentsatu gabe, kontsumitzaileengan pentsatu gabe, komertziala izango den edo ez pentsatu gabe… Musikan soilik nahi nuen pentsatu, nahi nuen estiloak ukituz, eta abar. Egia da zorte handia izan dudala nire ondoan izan ditudan pertsona guztiekin. Hain argi nuen guztia, ezen taldeak hori horrela izan dadin lagundu didala eta disko hau ez zen posible izango haien laguntzarik gabe», nabarmendu du Lukinek.

Sweet Bird bulegoarekin elkarlanean atera du disko auto-editatua eta bulego berean izan dira Ruth Lorenzo eta Alfred Garcia, 2014an eta 2018an Eurovisionen izandakoak. Guk esan diogu akaso 2022an bera izan zitekeela eta hori galdetuta horrela esan digu: «Ezta pentsatu ere! Eta etxean ikusten dugu, e? Baina ez nintzateke sekula bertara joango. Nahiz eta Eurovisionera joan eta euskaraz abestea oso polita litzatekeen».

“V” kantuarekin ixten du diskoa eta “V for Vendetta” filma eta “Friends” telesailari erreferentzia egiten die: «Miss Cafeinako Sergio eta Albertorekin egindako abestia da. ‘Friends’ bada oinarrizko klasiko horietako bat niretzako. Kantua idazten ari nintzela ikusi nuen berriz ‘V for Vendetta’ eta biei erreferentzia egin nahi izan diet abesti honetan, bereziak direlako».