Euskararen geroa
Seaskako buraso garenok badakigu zenbat talo, Herri Urrats eta bilkura egin behar diren ikastolek aitzina egin dezaten. Eta hori gauzatzeko zenbat traba administratibo eta politiko dauden ere bai. 2013. urtean Hendaian ikastola bat eraikitzearen aurka suprefetak 1850eko Falloux legea ipini zuen mahai gainean eta ezin izan zen ikastola eraiki. Egun, Frantziako Asanblea Nazionalak hizkuntza gutxituen Molac legea onartu du, baina eskuineko neojakobinoek lege honen kontrako helegitea ezarri dute jada eta orain Konstituzio Kontseiluak ebatzi beharko du lege hau Konstituzioaren, hau da, «Errepublikaren hizkuntza frantsesa da» dioen 2. artikuluarekin bat datorren ala ez.
Egia esan, espero zen zerbait zen, Antton Kurutxarri EEPko zuzendariak «berdintasunaren tenpluan» hartutako erabakia goraipatu eta Frantzia mailan mentalitateak aldatzen ari direla esan arren, neojakobinoen zentralismoa eta periferiako herrien «arrisku etnizista» ez da atzo goizeko kukuaren kantua. Frantziar Iraultzan ere federalismoa bretoieraz mintzo zen, gorrotoa alemanez, kontrairaultza italieraz eta fanatismoa euskaraz.
Eskuineko zein ezkerreko neojakobinoentzat Frantziar Errepublika totem zatiezina da, sakratua da. Eta hauek ez daude Parisen bakarrik. Gure karrika, lantoki eta herrietan ere trumilka daude. Baionako manifestaldi sozialetan orpoz orpo ibiltzen gara beraiekin. Lehenbizi frantziarrak dira, frantziar errepublikarrak eta gero ezkertiarrak.
Legea onartu da eta orain Konstituzio Kontseiluaren onespena beharko du, baina bere baimenarekin gure hizkuntza beti izango da Frantziaren aberastasunaren barneko hizkuntza erregionala. Hizkuntza hegemonikoa frantsesa da, tamalez gure ikastoletako haurrek nerabezaroan naturaltasunez hautatzen duten hizkuntza.
Euskarak ez du ondare immaterialean erregistratutako hizkuntza zahar eta galduen iragan ederretsia behar, geroa behar du. Geroa gure identitatea eraikitzen joateko.