Haritz LARRAÑAGA

Ikasgeletara itzuli dira Ipar Euskal Herriko haurrak

Hiru asteko etenaldiaren ostean eskolara itzuli ziren atzo ama eskola eta lehen mailako ikasleak Ipar Euskal Herrian. Gobernu frantsesak neurri zorrotzagoak iragarri zituen, hala nola autotest probak egin beharra, baina horretarako bitartekoak ez ziren iritsi eta ikasleen itzulera normaltasun osoz burutu zen. Kolegio eta lizeoetako ikasleek, ordea, oraindik beste aste bat egin beharko dute etxetik lan egiten.

«Apirilaren 26tik aitzina ikastetxetako langileek astero bi autotest jasoko dituzte dohain», eman zuen aditzera Estatu frantseseko Hezkuntza ministroak, eta guztira 50 milioi gailu banatuko direla jakinarazi zuen. Horrez gain, 15 urtetik gorako ikasleen kasuan ikasle bakoitzak astean behin autotest probak egitea proposatzen du Gobernu frantsesak. Baina iragarritako probak egiteko gailuen berri ez dute ukan oraindik ikastetxeek.

«Guretzat egun normala da», adierazi zuen atzo Kattalin Duhaldek, Bidarteko Uhabia ikastolako zuzendariak. Aitzitik, neurri berriak hizpide izan zituen: «Aldatzen den gauza bakarra hemendik aitzina covid kasu bat egiaztatzen bada gela ixten dela da; lehen, gela ixten zen soilik aldaera britainiar edo hegoafrikarreko kasua bazen».

Gurasoak banaka iritsi ziren haien haurrekin ikastolara, pilaketak ekiditeko. Sarreran irakasle batek ongi etorria eman zien haurrei eta, jarraian, haietako bakoitzak jada ezagun duen ikasgelarako bidea hartu zuen.

«Haurrak lasai eta kontent itzuli dira, lagunak berriz ikusteagatik, eta gu ere bai», aitortu zuen Duhaldek. Izan ere, ohi baino egun gehiago egin dituzte ikastolatik kanpo Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako haurrek. Hiru asteko oporrak izan dituzte 11 urte arteko haurrek, udaberriko oporretako bi asteak baliatu baitzituen Gobernu frantsesak itxiera iragartzeko.

«Bakantzen aitzineko astean, hiru egun etxean pasa zituzten, baina erranen dugu aski ongi pasa dela», esan zuen Duhaldek.

12 urtetik gorako ikasleek beste aste bat egingo dute etxetik lan egiten, eta oraindik ez dago argi zein baldintzatan itzuliko diren. Aste honetan zehar argituko dira Gobernu frantsesak eskaini behar dituen bitartekoen inguruko zalantzak.