GARA Euskal Herriko egunkaria

Foro Sozialak eskatu du torturatu guztiak aitortzeko

Foro Sozial Iraunkorrak datorren ekainaren 26an, Torturaren Biktimei Babesa Emateko Nazioarteko Egunean, torturaren biktimek aitortza jaso dezaten eskatu zuen atzo, 2019an Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen bezala. Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik gogorarazi zutenez, EHUko txosten batek 1960tik 2014ra bitartean Guardia Zibilak, Polizia espainolak eta Ertzaintzak egindako 4.113 tortura kasu dokumentatu ditu EAEn.


Ekainaren 26a Torturaren Biktimei Babesa Emateko Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen ekimenez. Aurtengo zitak garrantzi berezia du. Izan ere, 2019ko ekainaren 20an, Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Elkarrekin-Podemosen legez besteko proposamena, eta egun hori ospatzeko ekimenarekin bat egiteko eskatu zion Lakuari. Legebiltzarrak agindutakoa bere egin zuen orduan Gobernuak.

Atzo egindako prentsaurreko batean, Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik gogoratu zuten une hartan ekimen hura txalotu zuela Foro Sozial Iraunkorrak, eta iragarri zuten «modu diskretuan» hasiko dela lanean alderdi, sindikatu, gizarte zibileko erakunde eta inplikatutako torturaren biktimekin, Gasteizko Legebiltzarrean «2019ko ekainean lortutako adostasun zabalak fruituak eman ditzan».

Foro Sozialak, alde batetik, Lakuari eskatu zion «ekainaren 26an Torturaren Biktimei Babesa Emateko Nazioarteko Eguna ospatzeko lana egin dezala, torturaren biktimak modu sinbolikoan aitortzeko», eta, bestetik, EAEko Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari «torturaren biktimei laguntzen jarrai dezatela, eskura dituzten baliabide guztiak haien esku jarriz».

Azpimarratu behar da Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak Lakuako Gobernuaren enkarguz egindako EAEko torturari buruzko txostenak sinesgarritasun sendoa edo oso sendoa eman ziela Guardia Zibilak, Polizia espainolak eta Ertzaintzak 1960 eta 2014 bitartean egindako gutxienez 4.113 tortura kasuri.

Foro Sozialaren ustez, aurten paradigma aldaketa bat gertatu da torturaren biktimei dagokienez: Alberto Perote CESIDeko zuzendariaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren audioak «benetako lurrikara izan dira, eta Mikel Zabalzaren torturaren eta heriotzaren aurrean jarrera negazionista zutenen kontakizuna desmuntatu dute».

Pauso batzuk

Gainera, gogoratu zuten hainbat aktorek zenbait pauso eman dituztela. Ildo horretan kokatu zuten Felipe Gonzalezek GALen antolaketan izandako erantzukizuna frogatzen duen CIAren txostena argitaratu izana edo Lakuak eta Nafarroako Parlamentuak egindako Mikel Zabalzaren familiarekiko erreparazio ekimenak. «Alde batetik, uste dugu urratsok torturaren biktimei hainbat hamarkadatan ezarri zaien gezurretan aritzearen susmo maltzurrarekin amaitzen dutela, sufrimendua areagotu eta sentitzen zuten babesgabetasunean sakontzen zuena, hain zuzen. Bestalde, azpimarratu nahi dugu eztabaida honek agerian utzi duen daturik garrantzitsuena dela biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari buruzko adostasun instituzionala eta politikoa dagoela –Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan–, torturaren biktimak bereziki aipatuta», azaldu zuten Hernanek eta Altzelaik.

«Aitortzarik gabe, eraikitzen ari garen bizikidetza demokratikoa ez da inoiz erabatekoa izango», nabarmendu zuten.