EDITORIALA

Macronen interesak, giza eskubideen gainetik

Asteazken gauean Italiako Brigada Gorrietako (Brigate Rosse) zazpi militante ohi atxilotu zituzten Estatu frantsesean. Beste hiru ez zituen etxean aurkitu Poliziak. Frantziar Gobernuak bertan egoteko baimena eman zienetik –duela 30 urte baino gehiago–, bizitza normala egiten zuten pertsonak dira. Horregatik, beren abokatuak haserre agertu ziren atxiloketekin, baita erabilitako moduengatik ere. Horretaz gain, letraduek azpimarratu zuten atxiloketa ez datorrela bat zuzenbidearekin eta frantziar Estatuak bere hitza jan duela. Izan ere, François Miterrand-en presidentetza garaian, indar politikoek odol deliturik ez zuten militanteei asiloa ematea adostu zuten.

Zabaldutako informazioaren arabera, Italiaren eskaera 2017an Emmanuel Macron presidente hautatu baino lehenagokoa izango litzateke. Beraz, lau urte baino gehiago igaro dira Macronek espetxeratzeko erabakia hartu duen arte. Edozein ikuspuntutatik, tarte luzeegia da horrelako erabakia hartzeko. Ematen du kalkulu politikoaren araberako erabakia izan dela; hau da, oinarrizko giza eskubide baten defentsaren aurrean bestelako interes politiko, ekonomiko edota diplomatikoak lehenetsi dituela Macronek. Politika hori ez da berria Hexagonoan: euskal iheslarien aurka erabili zuten printzipio berbera da; edo hobeto esanda, printzipio falta. Izan ere, Gobernu frantsesak oinarrizko giza eskubidea urratu du beste irabazi batzuk eskuratzeko asmoarekin eta hori oso larria da beti, baina bereziki gaur egungo testuinguruan, non eskuin muturreko indarren gorakada demokrazia eta giza eskubideak arriskuan jartzen ari den.

Gero eta gutxiago gelditzen da demokraziaren eta oinarrizko giza eskubideen Europatik. Norabide autoritarioak indarra hartu du, eta eremu guztietan interesen pisuaren aurrean printzipioek behera egin dute. Joera horri buelta emateko eskubide guztiak defendatu behar dira, baita asilo-eskubidea ere.