Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Datu borrokaren euskal aldaera

Datuak ez dira orain lehen zirenak! “Konplexuzenoa”, oraingo aroa. Horra, kasuko, birusaren inguruko kutsatze-txertatze datuena. Datu borroka, gero!

Kontua ez da datuen interpretazio bat baino gehiago dagoela, ofiziala horietariko bat dela; kontua ez da arazo berak datu desberdinak eman ditzakeela, ofizialak zati baina ez oso; funtsean, kontua da arazoa bera ulertzeko modu desberdinak direla… eta gaurko ditxosozko gobernantza ez dela gauza modu horiek integratzen saiatzeko. Hortaz, ikuspegi borroka! Tira, zorioneko euskal oasian espezializazio adimentsuaren euskal aldaera izan daiteke Jaurlaritzak datuak aztertzeko duen moldearena.

Klase borrokak hamaika aldaera ditu “Konplexuzenoan”, normalean uste baino askoz gehiago izan ere. Hortaz, Maiatzaren Lehenak erreferente izaten jarraitzen du, baina ezin ukatu hilaren 10a izan daitekeela euskal munduaren, oasia barne, amaiera irudika dezakeen erreferentea. Ama, ama! Zer gertatuko ote hemengo hemen honetan hango gobernu hark alarma egoera altxatzen duenean! Auskaloko oasia baita gurea, “Auskal Herrikoa”! Autogobernuan auto gehiago gobernua baino, eta, autoan bertan, ordezko pieza gehiago jatorrizkoak baino… Kogobernantza aldarrikatu baina unea heldutakoan gobernantza nahiago, hangoen sinadura behar duen gobernantza. Birusean jartzean probatzen da zelakoa den autogobernua. “Aginte bakar” halakoa!

Maiatzaren 10ean ikusiko normaltasun berria benetan zertan den. Eta nago ni, birusari ez diola horrek larregi ardura, berea bestelako autogobernua baita, sinadurarik behar ez duena. Hortaz, “segurtasun juridikoa” hizpide hemen-hor, dantzan; baina zertaz ari gara, ari bagara behintzat? Osasun-segurtasun faltaren kausa juridikoaz? Ala segurtasun politiko faltaren ondorio juridikoaz? Txertorik onena osasunezko subiranotasuna… adin tarte guztietan.