18 MAY. 2021 NEKAZARIEN LANABESAK, BETI HOBETZEN ARI DIREN BIDELAGUNAK Larunbatean Nekazarien Eguna ospatu zela-eta horien errealitateari begiratu diogu ikuspuntu berezi batetik, lan tresnen bilakaerari erreparatuz. Laguntzaile bikainak izan ditugu horretarako, Amaia Odriozola Karabelekoko nekazaria eta Beatriz Rodriguez Bellota enpresako langilea. Maider IANTZI GOIENETXE Baserritarren lana hagitz gogorra da, baina erremintei esker bizimodua hobetu ahal izan dute. Bellota enpresak 113 urte darama nekazarien ondoan, eurekin eskuz esku tresnarik onenak diseinatzeko ahaleginean, asmakizunak Legazpitik mundu osora zabalduz. Beatriz Rodriguez Nekazaritza eta Lorategi arloko marketineko arduraduna da. Azaldu duenez, erabiltzaileetan aditua den figura batekin egiten dute lan. Ingeniari agronomoa da bera eta primeran ezagutzen du ogibidea. Autoan joaten da baserritarrekin egotera. Haiekin mintzatu eta zein behar dituzten jasotzen du. Amaia Odriozola azpeitiarra da bisitatzen dituen nekazarietako bat. Hernaniko Karabeleko etxalde esperimentala zuzentzen du. Agifes, Blasenea eta Kimu Bat entitateek elkarlanean sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Nekazaritza ekologikoa sustatzea eta barazkigintza ekologikoaren ekoizpen eta kontsumo kultura zabaltzea ditu helburu. «Nekazaritza ekologikoak osasunean eragina du, fisikoan eta, batik bat, mentalean», nabarmendu du Odriozolak. Buru gaixotasuna duten pertsonei eta baztertze arriskuan dauden bertze kolektibo batzuei bideratutako errehabilitazio psikosozialerako zentroa ere badira. Horretaz gain, jatetxe ugarirekin elkarlanean aritu izan dira eta haien produktuak –berreskuratutako tomate espezie pila bat, adibidez– jatetxe ospetsuen kartetan dastatu ahal izan dira. 260 laguneko kontsumo talde handi bat dute diru-iturri nagusi eta online salmentarekin ere ari dira. Denda fisikoa eta landare-mintegi bat dituzte. Lantaldean zortzi lagun dira; horietatik erdiak, nekazariak. Biziberritze baten zantzuak Bellota enpresako kideak adierazi duenez, orain dela gutxi arte nekazariaren profil tipikoa pertsona nagusiarena zen, baina ekoizpen ekologikoarekin gazteak bueltan datoz. «Euskal Herrian eskola dezente dago, baserriek segida izatea segurtatu behar da eta haiengana hurbiltzea garrantzitsua iruditu zaigu beti». Koronabirusaren krisi honek erakutsi digu nekazaritza oinarrizko behar bat dela. «Denok jan behar dugu eta janaria hurbilekoa eta naturala izatea funtsezkoa da». Odriozolaren iritziz, denbora gutxi pasatu da oraindik Rodriguezek aipatutako biziberritze hori gertatu den ikusteko. «Beste zona batzuekin alderatuta hobeto gaude, baina nik faltan ematen dut jende gaztea. Baserriari prestigioa ematea nahi dut; benetan maite dugulako ari gara honetan. Gure belaunaldiko denok ikasi dugu. Gauza onak ditu etxean lan egiteak: zeuk ikastea, zure martxa zeuk jartzea nagusirik gabe... Jendeari animatzeko esango nioke. Gogorra dela? Gauza batzuei uko egin behar diegula? Bai, baina beste gauza batzuk aportatzen ditu». Kontsumitzaileei erran nahi die «mesedez bertakoa eta gertukoa probatzeko, ez direla damutuko. Hori da aldatzeko bidea». Ardo botila eta brokolia Amaia Odriozolak 37 urte ditu eta baserriko alaba da. Guraso biek egin izan dute kanpoan lana, baina beti eduki izan dute baratzea. Amaiak Lorategi Diseinua ikasi zuen, Uztaro kooperatiban kontsumitzaile gisa hasi zen eta Karabeleko martxan jarri zenean bertan zen jada. Abeltzainak okerrago ikusten ditu nekazarien aldean. «Ez dira baloratu eta orain mespretxatu egiten dira. Abeltzaintza industrialarekin konparatzen da eta inportantea da ondo ezberdintzea. Heroiak dira eta hoberenak gelditzen dira». Nekazaritzan, produktuen kalitatea kaskartzen joan dela dio. «Ekoizteko erak zuzenean eragiten du kalitatean eta gauza asko galdu da bidean. Orain berreskuratzen ari gara. Gure borroka nagusia da, ardo botila baten barruan gauza ezberdinak egon daitezkeela ulertzen den moduan, brokoliekin berdin gertatzen dela ikusaraztea. Oso baldintza prekarioetan sortu diren produktuen kontra borroka egin behar dugu. Horiek dira gure konpetentzia». Jendartean «polaritate handia» dagoela uste du: «Baserriko munduak eta kalekoak kontra egon behar dugula dirudi. Lehenago kaleak askoz harreman handiagoa zeukan nekazaritzarekin. Hori galdu da ez delako zuzenean saltzen. Orduan oso erraza da gatazkak sortzea. Hori bilatu dute batzuek». Badaki bizi kalitatea hobetzeko mekanizatzera jo behar dela, beti ingurua zainduz eta baliabide naturalak ongi erabiliz. Beharretik sortzen dira Hasieratik ari dira Karabelekokoak Bellota enpresa legazpiarrarekin elkarlanean. «Beraien erremintak eskuragarri uzten dizkigute berriak sortzean. Diseinatzen dituztenean probatzera etortzen dira eta erabili eta gero iritzia galdetzen digute. Behar dugunaren arabera ematen dizkigute erremintak. Gehienak eskukoak dira. Nahiz eta teknologia asko sartu, baratzean gauza batzuk ez dira modatik pasatuko: orain 8.000 urte sortu zenetik aitzurrak antzekoa izaten jarraitzen du. Jakina, askoz gogorragoa eta arinagoa da. Bilakaera bat izan du eta izaten ari da, baina diseinu on bat hobetzea ez da erraza. Bitxia da: Bellotak mundu osoan saltzen du eta tokiaren arabera aitzurrak ezberdinak dira. Hemendik Nafarroara asko aldatzen da». Batzuetan, erabiltzaileetan aditua den Bellotako langileak hitzordua jartzen du nekazariekin; bertzeetan, landan barna ibiltzen da eta baten bat ikusten badu gelditu eta berarengana hurbiltzen da. «Aurrena baserritarraren beharrak aztertzen ditugu: zer arazo dituen, gorputzeko zein ataletan hartzen duen min. Soluzioak ikertu eta prototipoak lantzen ditugu. Gero haiengana itzultzen gara, baliagarriak diren frogatzeko. Fabrikatzen dugun guztia probatzen dugu. Proiektuak bizirik daude. Badugu erabiltzaile talde bat beti haiengana itzultzen garena. Ezin dugu denen jarraipena egin, baina tresnak moldatzen segitu behar dugu eta jakitun gara erabiltzaileak direla iritzia eman behar dutenak», azaldu du Beatriz Rodriguezek. Inausteko guraize elektrikoa Azken asmakizuna inausketa profesionalerako guraize elektriko bat da. Marketin arduradunak nabarmendu duenez, «boom» bat izaten ari da aiztur horien kanpaina. Aldaketa ekarri du, kimatze lanak errazagoak direlako tresna horri esker. Nekazariak ez dira hainbertze nekatzen eta lehiakorragoak dira. Gainera, eskuan, besoetan zein bizkarrean izaten zituzten ondoezak arindu zaizkie. «Egunerokoa errazten dien guztia izugarri eskertzen dute. Bi erabiltzaile profil daude: alde batetik, ausarta, teknologikoa dago eta bestetik, bizilagunari aiztur berriekin ederki doakiola ikusi beharra duena pausoa emateko. Guk elektrikora pasatzeko saltoa egin dugu eta badakigu mekanizazio mota horren bidetik jarraitu behar dugula, elektrifikatutako erreminta txikiak sortuz», agertu du Bellotako langileak. Aitzurrarekin bat eginda Amaia Odriozolaren kuttuna aitzurra da. «Bromak aparte, antsietatearen kontrako erremintarik onena da. Diafragma irekitzen da jarrera horretan, lan fisikoa egiten duzu, lasaigarria da. Gerriko mina jartzen da, bai, baina ohitzean ez da hain nekeza». Bere aurrekoak, aita, aitona, amona, «aitzurrarekin bat eginda» zeuden. «Abilidadea zuten esfortzu gutxirekin asko egiteko. Horretarako oso txikitatik hasi behar da. Lagun bat daukat, 40 bat urteko mutila, eta esaten zuen 80 urtetik gorako bere amonaren ondoan jartzen zela aitzurrean eta amonak azkarrago egiten zuela, askoz indar gutxiago eginda». Odriozolak neguan erlaxatu eta uda hasieran giharreko minak izaten ditu. Eskuetan babak ere bai, sobera zailduak ez baditu. Baina lan fisikoak mesede gehiago egiten dio txarra baino. «Asko laguntzen dit, behar dut; zenbat eta lan gehiago baratzean, hobeto». «... Eta munduak jiratzeari utzi zion» Aitzurra Bellota enpresaren nortasunaren adierazgarri ere bada eta ekarpena egin nahi izan dute. «Landara atera ginen eta denek min bera zutela ohartu ginen». Aitzurren giderrak zirkularrak dira eta egurra material bizia denez hezetasunarekin buruak buelta emateko arriskua dago. Horrek nekagarriago egiten du lana. «Behin arazoa identifikatuta, konpontzen saiatu ginen. Elkarrekin egin genuen diseinu bat. Mahaian plastilina jarri eta bakoitzari ondo etorriko litzaiokeen aitzur bat irudikatzeko eskatu genion», kontatu du Rodriguezek. Hala sortu dute kirtenarekin ederki bat egiten duen burua. Burdinari zulo eliptikoa egin diote eta horri esker ez du buelta hain erraz ematen. “Eta munduak jiratzeari utzi zion” lema jarri diote landuko duten kanpainari. «Aitzurra da, betiko burdina forjatu puska. Baina hobekuntza txikiak egin dizkiogu». Orain buruak egiten ari dira eta tresna osoak irailerako edo urrirako izanen dituztela espero dute. Kontent daude emaitzarekin. Besteak beste, Karabelekokoekin probatu dute eta hauek ontzat eman dute berrikuntza. «Baina horretaz gain, diseinu arinagoa izateko beste aldaketa batzuk egin dizkiote eta arintasunari buruz iritzi ezberdinak egon ziren gure taldean, pisua izatea ona ere badelako indarra egiteko. Oso subjektiboa da», esplikatu du Amaiak. «Eurei entzunda eta aldaketa txikiak eginez lortzen da berrikuntza», azpimarratu du Bellotakoak. «Makina handiagoak mekanizatu dira, baina beti gelditzen dira eskuko erremintekin egin beharreko lanak. Kirten luze, arin eta ergonomikoagoak eman behar dizkiegu jarrera erosoagoa hartu eta pisu gutxiagorekin ibil daitezen». Kolonbian aihotzak, Mexikon limak Erremintak bi taldetan sailkatzen dituzte: lurra eta airea. Lurraren munduan aitzurra da garrantzitsuena eta aunitz landu dute arintasuna. «Nekazariek modelo arinagoak aukeratzen dituzte». Pala eta eskuarea ere funtsezkoak dira. Airean, mozteko eta kimatzeko oinarrizko erreminta eskuko artaziak dira. «Nekazari guztiek daramatzate autoan». Bellotan ergonomia lantzen dute, indarra hobeki egiteko. Erdialdean giltzatzen diren guraizearen bi piezak hobeki doitzea ere lortu dute eta horri esker mozketa garbiagoa da. «Gure forjatzaile izaerari keinu bat eginez, bereziki bi eskuko aizturrei forja erantsi genien, iraunkorragoak izan zitezen». Nekazaritzarako soilik ez, eraikuntzarako ere sortzen ditu eskuko erremintak Legazpiko enpresak. Bertze herrialde batzuetan ere baditu lantegiak: Kolonbian aihotzak egiten ditu nagusiki eta Mexikon, limak. Munduko bigarren fabrikatzaile handienak dira bi kasuetan. Legazpitik Europa, Afrika eta Asiara zabaltzen dituzte lan tresnak. Amerikako merkatua, aldiz, Mexikoko eta Kolonbiako lantegien artean banatua dute. Lantegi bakoitzak bere merkatua du, baina Bellotako lan tresna guztiak saltzen dituzte herrialde guztietan. 1.500 langile dira orotara eta “Lan gogorrean inspiratuak” dute lelotzat. «Bai nekazaritza bai eraikuntza lan oso gogorrak direlako. Bidelagun onik ez badute, askoz ere zailagoak. Erreminta batean diru gutxi gastatzea erabakitzen baduzu, azkenean itzuli eta ona hartu behar duzu. Garrantzitsua da lan tresnaz arduratu beharrik ez izatea, arazoa erreminta ez izatea», adierazi du Beatriz Rodriguezek. Tresnarekin lotura estua Merkatu ikerketak egiten dituzte baserritarrak hobeki ezagutzeko eta profilak identifikatzeko. Hala erremintari zeintzuek begiratzen dioten jakiten dute eta horiengana zuzentzen dira, lanabes onak baloratzen dituztenengana, tresnarekin lotura estua dutenengana. «Nekazari batzuek aitonaren edo amonaren aitzurra erakusten dizute, oraindik mantentzen dutena. Erabiltzaileak bizi osoan ikusi du etxean eta lotura handia du harekin. Horrek konfiantza sortzen du markan». Badu puntu emozional bat. Horretaz gain, baserritarrek «ekimen eta irudimen handia» dute eta erremintak «tuneatu eta kustomizatzen» dituzte. «Guk ideiak hartzen ditugu horietatik. Argazki bat egiten diegu eta zentzu guztia dutela ikusten dugu. Elkar inspiratzen dugu eta elkarrengandik hurbil egotea gakoa da. Ingeniari batek ez badu harremanik erabiltzailearekin, bere ideiak zoragarriak izango dira paperean baina praktikan ez dute batere arazorik konponduko», nabarmendu du Bellotako marketineko arduradunak. Erantsi duenez, garrantzitsua da langilearen eta baserritarraren hasierako kontaktua ona izatea ere, nekazariak mesfidati ager daitezkeelako lehen momentuan: «Ea zer saldu behar didan honek orain...». Euren enpresan erabiltzaile «gakoak» dituzte eta badakite lurreko edo aireko proiektu berri bat sortu behar dutenean zeinengana jo. «Garapenaren parte inportante bat dira». Egindako lana baliagarria den jakiteko ez da aski izaten lau mozketa egitea eta bi edo hiru hilabete ematen dituzte elkarrekin probatzen. Zein tresna asmatzea nahiko lukeen galdetu diogu Amaia Odriozolari. «Belarra kentzeko robotak asmatuta daude, baina ez dakit baliagarriak diren. Aspergarria izango litzateke. Burokrazia egiten duen makina bat nahi nuke, tramiteak egiten dituena. Egunerokotasunean denbora asko jaten dit. Errepikakorra da, zure esku ez dagoena». LA CERCANÍA, CLAVEDestacan que la cercanía entre agricultores e ingenieros es la clave. Si no, las ideas serán fantásticas, pero no solucionarán ningún problema.