GARA Euskal Herriko egunkaria

Mineral toxikoak mehatxu dira Peruko milaka indigenarentzat


Peruko jatorrizko 8.000 bat herritarrek berun, artseniko eta merkurio kantitate handiak dituzte gorputzean, Espinar hegoaldeko probintziako beren herrietatik hurbil meatzeetan egiten dituzten lanengatik. Hala jasotzen du Amnesty International erakundeak atzo plazaratutako txosten batek.

«Metal eta substantzia toxiko maila handiak aurkitu dituzte ikerketako parte-hartzaileen artean. Horrek adierazten du Espinarreko jatorrizko komunitateek zein osasun arrisku dauzkaten», dio hiru urtetako lanaren ondorioa den azterlanak.

«11 komunitate dira meatzaritzaren eragina sufritzen dutenak, 8.000 bat pertsona», zehaztu dio AFP agentziari Maria Jose Veramendi ikerketaren arduradunak.

Manganesoa kenduta, pertsonen gorputzarentzat baliagarria dena, gainerako metalek zorabioak, goitika egiteko nahia, minbizia mota batzuk eta gibeleko arazoak eragin ditzaketela erantsi du.

150 boluntarioren laginak eta inguruko 292 puntutako uraren kalitatea aztertu dituzte ikerketa lan honetan.

Meatzaritzaren indarra

Peru kobre, urre, zilar, zink eta berun ekoizlerik handienetakoa da munduan. Azken hamarkadan inbertsio pribatuaren %16 (59.000 milioi dolar inguru) meatzaritzarekin lotua egon da. Zuzeneko eta zeharkako 1,8 milioi lanpostu sortzen ditu eta esportazioen %60 hartzen du. Testuinguru honetan, Veramendik Espinarren etengabeko zaintza epidemiologikoa egiteko programa bat ezartzeko eskatu die osasun agintariei.

Ikerketan, herritarrek buruko mina eta giltzurrunetako, prostatako eta hortzetako arazoak agertu zituzten, baita urdaileko mina eta bi pertsonaren kasuan tumoreak ere.