GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Sustrairik gabe, lorerik ez


Aurreko batean, lagun artean eta taberna giroan geundela, EGAri buruzko eztabaida suertatu zen. Gaur egun, askoren ustetan, ez da bidezkoa D ereduan ikasi duenari EGA bezalako ziurtagiri bat eskatzea. Izan ere, ziurtagiri horren jabe behar luketela uste dute, euskaraz ikasi baitugu eta euskaldun sentitzen baikara. Baina hori horrela eskuratzea zilegi al da?

Euskararen uste oker, hedatu eta sustraituei buruzko eztabaidetan, baita EGAren ingurukoetan ere, hainbatetan entzun izan ditugu honelako argudioak: «Eta zergatik ez dute gaztelaniazko froga edo ziurtagiri bat eskatzen?»; «gainera, ia inork ez du EGA azterketa gainditzen!»; «nirekin Leitzako batek azterketa egin zuen eta suspenditu egin zuen!»; «euskaldun zaharrek ere zail dute gainditzeko!»; «Euskaltzaindiak egunero aldatzen dituen arauak jakitea ezinezkoa da!»; «hizkuntzak elkar ulertzeko dira!».

Gogoratu beharrik ez da EGA azterketa egitea ala ez eta noiz egin norberaren hautua dela; kontuan izanik, gainera, soilik administrazioan (maiz hor ere ez) dela puntuagarri. Azken honetan, lan egiteko beste baldintza batzuk onartzen ditugun bezala (dagokion titulua, administrazioko esperientzia baloratzea, kurtsoek emandako puntuak, etab.) EGA eskatzea ere onartu beharko genuke.

Eztabaidaren hasieran, bat-bateko ideiak etorri zitzaizkidan burura: ea nola den posible gaztelaniaren eta euskararen arteko analisi parekidea egitea, bi maila, edo egun esaten den bezala, liga oso ezberdinetan dauden biak maila berean jartzea. Izan ere, bata hizkuntza gutxitua da eta bestea, ez. Horrez gain, azaldu beharrik ez da gutxiengo bat garela eta hizkuntza honek jasan eta pairatzen dituen erasoak etengabeak direla. Gainera, esan beharra dago bigarren paragrafoan adierazitako ideiek euskararen balorazioaren kontra dihardutela soilik eta euskararen indartzearen xenda horretatik aldentzen gaituztela. Horrelako jarrera eta diskurtso zabalduek ez diote euskarari batere mesederik egiten, ez diete euskararen mundura hurbildu nahi dutenei edota jada gaudenoi laguntzen.

Lagun arteko eztabaida hark aurrera egin ahala, pixkanaka burura galdera eta zalantza gehiago etorri zitzaizkidan: D eredutik ateratzen den oro euskalduna da? Euskara maila ona dute ikasle horiek? Zer da euskara maila ona edukitzea? D ereduan bi ikasgai (hiru ere bai batzuetan) izaten dira euskaraz ematen ez direnak eta, halere, euskaraz erraztasunez aritzeko arazo larriak daude.

Are gehiago, lotsaz gorritu beharko gintuena da euskararen menperatze maila beste ikasgaien azpitik dagoela, ikasgai gehienak euskaraz ematen badira ere. Arrazoi asko daude tartean: zenbait irakasleren euskara maila, ikasleen familia eta lagunen ingurunea, erreferente ia guztiak erdaraz izatea, eremu erdaldunean bizitzea... Eta nola ez, begi bistan gelditzen da berriz ere (nahiz eta maila ona zer den argi identifikatu ez), bi mundu ezberdinez ari garela. Asko dira gaztelaniaz azentu markak, H-ak, B edo V-ak, eta horrelakoak gaizki erabiliko dituztenak, baina kezkagarriagoa da pertsona horiek berak ez direla euskaraz begi bistan dutena zuzen deskribatzeko gai, adjektibo bat baino gehiago erabiltzeko edota, zer esanik ez, euskaraz gaztelaniaz baino akats gutxiago egiteko. Ttiki-ttikitatik ikasi dugun hizkuntza bat ez menperatzea ez al da larria? Nola eska dezakegu, esan nahi duguna adierazteko erdarara jotzen dugunean maiz, gaitasun aski badugula ziurta diezaguten ikasketak euskaraz egite hutsagatik? Edozein esparrutan dela ere, nola eta zergatik eskatu frogatu ez dugun maila edo jakintza baten ziurtagiria? Dena dohainik nahi al dugu?

Egun batzuk pasa ondoren, euskararen haritik tiraka, barrurago begiratuta, nire baitan nengoela, beste hainbat galdera sakonagoak etorri zitzaizkidan burura: zergatik gaizki hitz egitearekin konformatu? Zer maitasun klase da norberaren hizkuntzarentzat, zer errespetu? Gure izaera definitzen duen zerbait horrela tratatzea, ez al da gure burua gutxiestea? Euskaldun izateaz nekatu gara? Euskaldun izatea neketsu ote? Euskaraz bizitzeko egin behar izaten ditugun ahaleginak akitu gaitu? Korrontearen kontra behin eta berriz eginagatik nekea iritsi zaigu eta erdal inperialismoaren argudioak onartu ditugu? Noiz galdu zen identitatearen eta hizkuntzaren arteko konexioa? Zein momentutan saldu genion geure arima globalizazioari? Irudipena dut aurreko hamarkadetan ilusioak, idealak edota sistema bati aurre egiteko borondatea handiagoa zela. Borroka eta ahalegin handia euskararen ofizialtasuna eskatzeko, gau eskolak eta ikastolak sortzeko, euskararen aldarrikapena eta balioaren aitortza erdiesteko eta beste abar luze baterako. Ez da soilik ahal izatea, baizik eta nahi izatea, zeren euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko aukerak handitu egin dira, baina nahiak eta gogoak gutxitu.

Esandako hauekin guztiekin nire burutazio, hausnarketa eta, batez ere, galderak partekatu nahi nituen, norberaren akatsen jakitun eta jakinik bakoitzak erantzun desberdin bat emanen diela galdera edota ekarpen guzti hauei.

Azkenik, inuiten esamolde honekin amaitu nahiko nuke: «Hizkuntza da erabilerarekin zorrozten den tresna bakarra». Beraz, atera gaitezen plazara eta saia gaitezen euskaraz egiten, tituluak ahaztuz, ariaz hobetuko baitugu.