22 MAY. 2021 HIZKUNTZA GUTXITUEN BABESERAKO Murgiltze ereduaren kontra jo du Kontseilu Konstituzionalak Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen babeserako Molac legearen kontra ezarri helegitearen deliberoan Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredu guztiak antikonstituzionaltzat jo ditu, bai eskola publikoetan bai Seaskako ikastolak bezalako zentro pribatuetan ere. Idoia ERASO BAIONA Asanblea Nazionalean onartutako “Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako legearen” aurka Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean 61 diputatuk ezarritako helegitea aztertzean, bi artikulu izendatu dituzte Konstituzioaren aurkakotzat. Larriena, murgiltze ereduari dagokiona, eredu horretan ari diren eskola guztiak inkonstituzionaltzat jotzen dituelako, baita Ikastolen Federazioa eta bera bezala beste lurraldeetan bertako hizkuntza irakasten duten elkarteak: Diwan, Calandreta, Bressola.... Legearen 4. artikuluak murgiltze eredua eskola publikoetan ahalbidetzea zuen helburu, eta lege hori gehiengo argiz onartua zen Asanblea Nazionalean: 247 boz alde eta 76 kontra. Baina Konstituzionala urrunago joan da, eta bere osotasunean kontra egitea deliberatu du. Horrela, ezingo litzateke eskola publikoetan eredu hori ezarri, ezta azken 50 urteotan Ipar Euskal Herrian euskaraz murgiltze ereduan irakasten duen Ikastolen Federazioan ere. Momentu honetan Seaska kontratupean dago Estatuarekin, eta honek ikastoletako irakasle postu gehienak finantzatzen ditu, baina, berez, eredu hori antikonstituzionala bada, hori egiteko eskubiderik ez luke izango. Kontseiluaren erabakia fermua da eta juridikoki Gobernuak ere ezin izango luke kontra egin. Aldiz, orain Hezkuntza Ministerioak horrekiko hartuko duen posizioa dago ikusteko. Macronen taldeko 61 diputatuk Molac legearen 6. artikuluari ezarri zioten helegitea, baina errekurtsoak legeari bere osotasunean begiratzea ahalbidetzen zion Konstituzionalari, eta, horrela egitean, finantzaketari buruzkoa zen 6. artikulua konstituzionaltzat jo badu ere, beste biren kontra egin du: murgiltze ereduari buruzkoa eta zeinu diakritikoak izenetan erabili ahal izatearen gainekoa. Legea bozkatu zelarik gatazka gehien sortu zuten artikuluak hezkuntzari loturikoak izan ziren, baina Kontseiluak espero ez zen bete artikulu bat ere atzeman du Konstituzioaren kontrako. Eskualde ezberdinetako izen propioetan keinu diakritikoak erabiltzerena, adibidez, “ñ” letra euskaraz eta bretoiz. Helegitearen ibilbidea ezohikoa izan da, legea apirilaren 8an bozkatu zuen Asanblea Nazionalak, eta Gobernuak 15 eguneko epea zuen legea promulgatzeko, baina ez zuen egin. Aldiz, 14. egunean 61 diputatu macronistek helegitea ezarri zuten. Bereziki ohiz kanpokoa da Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren kabinetetik atera zelako helegitearen testua. Bestalde, sinatzaileen gehiengoak ez zuen bere burua ezagutzera eman, eta batzuek publikoki erran dute sinatzeko momentuan ez zitzaiela egia osoa erran, eta beren haserrea erakutsi dute. Blanquer hastapenetik murgiltze ereduari eta finantzaketari buruzko artikuluen kontra agertu zela jakinik errazago uler daiteke helegitearen ibilbidea. Konstituzioa aldatu Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakasleak Konstituzionalaren deliberoaren irakurketa juridikoa egitearekin batera, horrek dakarrena ere adierazi zuen, eta «gerla deklaraziotzat» jo du deliberoa. Ildo horretan, honakoa gaineratu du: «Ez dakit praktikoki konturatu diren egin dutenaz, baina erabakiak dena zalantzan ematen du, oso gogorki. Formalki gaurko egunean Kontseiluak Seaska antikonstituzionala dela esan du». Momentu honetan dagoen egoera ikusita, aukera bakarra Konstituzioa aldatzea litzatekeela dela baieztatu zuen Zabaletak, baita oso zaila dela gaineratu ere: «Konstituzioa aldatzeko bi era dira, bata Gobernuak berak proposatzea da. Orduan bada prozedura konplikatu bat lege normalena baino zailagoa dena; bi parlamentuetatik bozkatu behar da, eta gero Versaillesen elkartu behar dira parlamentuko bi ganbarak eta Kongresua deitzen den instantzia batek behar du onetsi. Bestela, parlamentariek ere ezartzen ahal dute proposizio bat Konstituzioa aldatzeko, baina orduan erreferendum bat egin behar da prozesuaren bukaeran. Egoera hori izanik, proposamena Gobernutik heldu behar da». Deliberoaren kontra ezin denez ezer egin, Gobernuak hartuko duen bideari so egotea besterik ez dela gelditzen azaldu zuen: «Ziurgabetasuna da gero zer egingo duen Ministerioak erabaki horrekin, terrenoan konkretuki nola aplikatuko duen hori. Berez juridikoki ezin du kontratu bat sinatu antikonstituzionala den pedagogia bat onartzeko, baina beharbada begiak itxiko ditu». Deliberoak zalaparta handia sortu du Ipar Euskal Herrian. Hezkuntza eragileetako eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren atzo, eta beste eragile ugarik ere haserrea erakutsi zuten. Antzeko erantzuna izan zen beste eskualdeetan ere, baina, horri buruz, Zabaletak argi esan zuen: «Beti gauza bera da. Pariseko hedabideak esaten ari dira bi artikulu ezeztatu direla, besterik ez, ez dira konturatzen horrek zer suposatzen duen». Erreakzio uholdea Eragile anitzek bere kontrakotasuna agertu dute deliberoaren aurrean. Seaskako presidente Peio Jorajuriak deliberoa «gerra deklarazioa» dela erran zuen, eta «erabaki politikoa» dela gaineratu zuen. Hori dela eta, borroka politikoa izanen dela aitzinatu zuen, eta mobilizazioak berriz abiatu beharko direla, «horrelako jarrera anakronikoak bertan behera utz ditzaten». Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok, oso larritzat jo zuen erabakia, «inflexio-puntua ezartzeaz gain, mahai gainean kolpea eman nahi izan du Konstituzio Kontseiluak erabakiaren bidez». Epaiaren inguruan balorazio argia egin zuen oso: «Larria da, oso larria». Euskaltzaindiak ere agiria plazaratu zuen. «Erabakiarekin bere desadostasun osoa jakinarazten du Euskaltzaindiak eta lan eginen du hizkuntza gutxiagotuen, kulturen eta aniztasunaren alde arduratzen ari diren guztiekin, hizkuntza horien legezko babesa hobetzeko». EHBai koalizioak, bere aldetik, Konstituzionalaren deliberoa ahalbidetu duen Konstituzioaren kontra jo zuen. Erabakiaren kontra borrokatzera deitu zuen legea aurkeztu zuen Paul Molac diputatu bretoiak ere: «Sinesgaitza! Urgentziaz lege konstituzional baten proiektua eskatzen dut artikulu hau aldatzeko». Hautetsiak eta euskalgintza elkarrekin borrokatzeko prest Erabakia salatzeko ebazpena ez dutela onartzen esateko eta hizkuntza gutxituak defendatzeko konpromisoa hartzen dutela adierazteko euskarazko hezkuntza eragileak eta erakundeetako ordezkariak elkarrekin agertu ziren atzo Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan. Antton Curutcharry EEPko presidente eta Euskal Elkargoaren hizkuntza politikarako presidenteordearen ustez, Kontseilu Konstituzionalak bazituen beste aukerak, hala nola 61 diputatuk aurkezturiko helegiteak sortzen zituen zalantzak ikusita eskaera baztertu ahal zuen. Edo helegitea eragin zuen artikuluaren helegitea soilik aztertu «dena auzian» eman gabe. Parlamentariak ere egon ziren agerraldian, Max Brisson, Frederique Espagnac, Vincent Bru eta Florence Lasserre David kasu. Lehenak ebazpenaren ardura Hezkuntza Ministerioari egotzi zion. Akitania Berria eskualdeko Mathieu Berge eta Pirinio Atlantikoak departamenduko Benedicte Luberriaga ere izan ziren bertan. Jean-Rene Etchegarayk, Euskal Elkargoaren izenean, «gerla deklarazioa» dela erran zuen. Ekitaldian izan ziren Seaska, Ikas Bi, Euskal Haziak eta Biga Baiko ordezkariak ere. Biga Baiko Marie-Andree Ouretek maiatzaren 29an Mauleko elkarretaratzera hurbiltzera deitu zuen.Maite UBIRIA ...El presidente de la Federación, Peio Jorajuria, ha dicho que la decisión del Consejo Constitucional es una «declaración de guerra» y que habrá necesidad de movilizaciones.