GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ibilian-ibilian» udako dinamika abiatu du Sarek

Udako kanpainari ekin dio Sarek «Ibilian-ibilian, etxerako bidean» dinamikarekin. Urrira bitartean, herrialde zein eskualdeka mobilizazio ugari garatuko dira eta, elkarri lekukoa pasatuz, Donostian izango du amaiera dinamikak, urriaren 23an egingo den mobilizazio nazional batekin. Dinamikaren aurkezpenean, azken hilabeetan kale aktibazioari begira herritarrek izan duten jarrera goraipatu eta mobilizazio berriei heltzeko deia luzatu diete.


Eskualdeka eta elkarri lekukoa pasatuz. Logika horren baitan eraiki du Sarek udako kanpaina. “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” lelopean, urrira arte ekimen ezberdinak hartuko dituzte eskualde eta herrialde ezberdinek eta dinamikari urriaren 23an emango zaio amaiera, Donostian burutuko den mobilizazio orokor batekin.

Dinamikaren aurkezpenean Joseba Azkarraga eta Bego Atxa eledunek gogora ekarri zuten une zailak bizi baditugu ere pandemia garaian presoen etxeratzearen aldeko aldarriek ez dutela atsedenik izan. Hala, eskaera horrekin bat eginda Euskal Herriko mendi nagusietan 15.000 pertsonak bat egin berri dutela edo Kontxako hondartzan 600 lagunek “Resolution” mezua marraztu zutela ekarri zuten gogora, baita hilabeteotan egin diren kirol erronka, manifestazio eta giza kateak nabarmendu ere.

«Hilabete oso gogorrak izan dira guztiontzat, baina esan beharra dugu Saretik oso pozik gaudela guztion artean lortutako kale aktibazioarekin eta presoen etxerako bidea ahalbidetzeko eman ditugun urrats sendoekin», ziurtatu zuten Sareko eledunek.

Aktibazioari eusteko, fase berri bati emango zaio orain hasiera: “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” udako kanpainari. Atzo hasi eta urrira bitarterako «egutegi oparoa» prestatu dutela aurreratu dute, «bizi dugun une garrantzitsu honetan», salbuespenezko espetxe politikari amaiera eman eta bizikidetzan aurrera egiteko herritarren bultzada «ezinbestekoa» dela uste dutelako.

«Horregatik, urratsak egiten jarraitzeko euskal herritarrak ibilian jarri nahi ditugu, herrialdez herrialde antolatu ditugun martxa eta erronken bitartez. Mugimenduan den herria izan nahi dugu», nabarmendu zuten.

Lehen lekukoa, Gipuzkoa

Kanpainari hasiera atzo bertan eman zitzaion eta lehen mugarri honek abuztuaren 21era bitartean iraungo du. Gipuzkoa izango da maratoiari hasiera emango dion herrialdea: bi astean behin bailara gipuzkoar batek hartuko du lekukoa eta ekimenari amaiera Donostian emango zaio, herrialde mailako martxa batekin.

Egutegian aurrera eginda, uztailaren 22, 23 eta 24an Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostia batuko dituen bizikleta martxa izango da protagonista. Lau hiriburuok aldarri zehatzak bilduko dituzten manifestazioak ere hartuko dituzte uztaila eta abuztua bitartean: uztailaren 3an Iruñean, abuztuaren 3an Gasteizen, 21ean Donostian eta 27an Bilbon.

Irailarekin batera dinamika herrialdez aldatu eta Bizkaia, Nafarroa eta Arabara iritsiko da. Bizkaitarrek abuztu amaieran hartuko dute lekukoa, nafarrek gau eta egun arituko den bizikleta martxa osatuko dute irailaren 29an hasi eta urriaren 2ra bitartean eta herrialdekako dinamikari arabarrek emango diote amaiera.

Atxa eta Azkarragak nabarmendu zuten “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” kanpaina urriaren 23an iritsiko dela une gorenera, Donostiak hartuko duen mobilizazio orokorrean herrialde guztietako herritarrak bilduz.

«Urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu, eta horretara animatu nahi zaituztegu Euskal Herri osoko herritarrak. Izan gaitezen aldaketa honen bultzatzaile, izan gaitezen ibiltari etxerako bidean», eskaintza eginez eman zioten amaiera eledunek agerraldiari.