GARA Euskal Herriko egunkaria

Israel-Palestina, eskubide urraketak gaindituz konpondu beharreko gatazka


Atzoko saioan mahairatutako lehen gatazka Israelen eta Palestinaren artekoa izan zen. Eta ondorio argi batekin amaitu zen saioa: herritar guztien eskubide guztiak errespetatzean iritsiko da konponbidea.

Azken uneko hutsune garrantzitsua izan zuen mahai inguruak: Osloko Akordioetako negoziazioetan parte hartu zuen ordezkaritzako kidea izan zen Hanan Ashrawi Palestina Askatzeko Erakundeko batzorde exekutiboko kidea. Gainerako gonbidatuak bertan izan ziren: Israelgo Legebiltzarreko presidente ohi Avraham Burg, Jerusalemen 34 urtez berriemaile izandako Charles Enderlin kazetari frantsesa eta Peace Now’s Settlement Watch gobernuz kanpoko erakunde israeldarreko zuzendari Hagit Ofran.

Burgek adierazi zuen gatazka honetako hiru protagonistek (Israel, Ramallahko Gobernua eta Hamas) «ahuleziak» dituztela eta horrek berak zailtzen duela konponbidea. Aurrera egiteko bide bakarra Mediterraneo itsasoaren eta Jordan ibaiaren artean bizi diren guztien eskubide guztiak aitortzea dela azaldu zuen. Hamasekin hitz egin behar ote den itaunduta, ez daukala galdera horrentzat erantzun errazik esan zuen. Bere ustez, aurrena «berradiskidetze nazional palestinarra» beharko litzateke, mintzaide israeldarraren aurrean pareko mintzaidea egon dadin.

Enderlinek, berriz, AEBen papera ekarri zuen gogora –Bidenek Trumpek marraztutako bidean atzera egin behar duela esan zuen–; Mahmud Abbas kritikatu zuen «botere gosea» egotzita; Hamasi leporatu zion «erresistentzia mugimendua baino, Israelen aurka jarduten duen mugimendu teologikoa izatea»; eta Israelgo Parlamentuan eskuin muturrak, bere posizio «homofobo eta mesianikoekin», gero eta indar handiagoa duela ohartarazi zuen.

Ofran, bere aldetik, Ekialdeko Jerusalem judu bihurtzeko borrokaz aritu zen. «Palestinarrak beren etxeetatik kanporatzea ez da auzi juridikoa, politikoa baizik. Demokrazia falta da arazoa, kolonizazioa giza eskubideen aurkako erasoa delako. Gazte israeldarrentzat gogorra da pribilegioei uko egitea palestinarrek eskubideak izan ditzaten», laburbildu zuen.