KULTUR ARTIKULAZIOA, HERRIGINTZAREN ETA NAZIOGINTZAREN BIDEAN GILTZA
KULTUR ARTIKULAZIOA; NONDIK, ZERTARAKO ETA NOLA?» GALDERARI ERANTZUTEN SAIATU ZIREN ATZO 90 ERAGILE INGURU, BERTAKO ETA EUSKAL HERRIKO ELKARTE ETA KULTUR DINAMIKETAKO ORDEZKARIAK. KULTURATIK ABIATUTA DATOR HERRIGINTZA ETA IPARRORRATZA, NAZIOGINTZA. ETA BIDEAREN ARDATZA, ELKARLANA. AZPEITIA DA HORREN EREDU.
Hamar urte joan dira Sanagustin kulturguneak ateak ireki zituenetik. Kulturgintzarentzat bakarrik ez, herriarentzat mugarri izan zen. Eta Euskal Herriko kulturgintzarentzat ispilu.
Ospakizunen testuinguruan egin zen atzoko saioa Azpeitian Sanagustin Kulturguneak 10 Urte Herri Batzordearen eta Jakin Fundazioaren eskutik. Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek –EH Bildu eta EAJ– eta norbanakoek osatzen dute ekitaldiak antolatu dituen Herri Batzordea.
Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eman zien ongietorria bertaratutakoei. «Bidea ez da erraza izan, baina aurrerapauso handia egin da. Horregatik ari gara hamargarren urteurrena ospatzen», adierazi zuen.
Herriko eragileei egunerokoan egiten duten lana eskertu eta «elkarlanean bide propioa, berritzailea egin dugu», esan zuen.
Azpeitian, herrigintzarako giltza izan da kultura eta balioa ematen diote kulturari lanean aritu diren eragileek. Halaxe nabarmendu zuen atzo Alkortak ere. Eta erakunde publikoek eta herritarrek elkarri eskua emanda jarduten dutenean emaitzak etortzen direla adierazi zuen.
Joxe Azurmendik 1992an esana da: «Euskal nazioa atomizaturik dago, bildu egin behar da eta kulturgintzak esango du zein den bidea». Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendariak hitzok gogora ekarri zituen jardunaldiaren sarrera ekitaldian. Agirreren esanetan, «hizkuntza da artikulatzera bultzatzen gaituena. Bere biziberritzea, ezinbestean. Ez dakit beste hizkuntzek halakorik behar duten, baina guk badugu ezaugarri bat: bizi nahia».
«Artikulazioak komunitatea, herria egitea dakar. Eta egiteko moduak pisua du: gauzak beste era batera egin daitezkeela irudikatzea», gaineratu zuen.
Kulturgintzan dabilenak praktika politikoa egiten du. Eta horrek bere ahalduntzea dakar. «‘Gu bagara nor hau egiteko’ esatea, ‘elkarrekin egin dezagun zerbait’. Ahaldundu egiten gara herritar izateko», azaldu zuen.
Agirreren iritzian, «demokrazia praktikatu eta demokrazian egoteko moduarekin dauka harremana artikulazioak». Harkaitz Zubiri eta Maialen Akizu soziologoek hartu zuten hitza ondoren. “Kultura artikulatu, hobeto bizitzeko” izenburupean izan zen Zubiriren parte hartzea. Gizakia animalia soziala dela ekarri zuen lehen planora. «Interakzio beharra daukagu, kalitatezko harremanak ez izatea arriskutsua da osasunarentzat», azaldu zuen. Eta zientziaren alorrean egin diren hainbat ikerketa jarri zituen horren adibidetzat. Bere esanetan, «kulturak badu zeresana kalitatezko harremanetan, ez edozein kultura, ez kultura edozein modutan erabiliz».
Historian zehar kulturak jendartean bete duen funtzioa gogoratu zuen. Garai aurremodernoetan egia, edertasuna eta ona ordezkatzetik beste muturrera joan zen garai modernoetan. Askatasuna lortu bai, baina kaltegarria izan daitekeenarekiko erakarpena etorri zen eta horrekin batera noraeza eta isolamenduaren arriskua. «Pandemia da horren gailurra», esan zuen.
«Garai aurremodernoan askatasunik ez, baina nork bere tokia zeukan», esan zuen. Garai modernoen ondorioetako bat da egiten dugunaren zentzua galtzea eta horri kolektibotik bakarrik egin diezaiokegu aurre bere ustez. «Modu partekatuan bakarrik eman diezaiokegu zentzua bizitzari, egiten dugunari», aldarrikatu zuen.
Bizitza ulertu, norbera kudeatzeko gai dela sentitu eta bizitza poztasun iturri bezala hartzea ingurukoari zentzua eta koherentzia emateari eskua emanda datoz.
Denon eskura
Kultura edonori zabaltzeko beharra nabarmendu zuen. «Kultura jendeari eskura jartzea da gure lana. Jendeak kultura erabili eta bere egin behar du, bestela pobretu egiten da».
Horretarako, espazioak eraiki behar dira, «bakarrik egin ezin duguna elkarrekin egiteko». «Kulturak ez du mundua aldatuko, baina alda dezake mundua alda dezakeen jendea, eta horretarako aukera eman behar dugu guk», esanez eman zion amaiera bere tarteari.
Maialen Akizuren txanda etorri zen jarraian. “Femurra, haragia eta protesia” izeneko hitzaldia eskaini zuen. Anatomiako metaforak erabiliz heldu zion saretzeari. Erakunde publikoak, egitura, dira femurra; militantzia eta balioak, haragia; eta kultur politikak eta paisaia, protesia, Akizuren metaforan.
«Hiru hitz horiekin belauna irudikatu dugu. Ibiltzeko beharrezkoa da belauna eta ibiltzea bezain ohikoa eta errituala da kultura», azaldu zuen. «Belaunak gorputza behar du, baina bakarrik ere bada». Kultura ere berdin ikusten du Akizuk.
Elkarrekin
Eta egin bai, baina elkarrekin egitearen balioa azpimarratu zuen. «Sanagustinera kontzertu bat entzun eta Netflix ikustea biak dira kultura, baina musika emanaldian besteekin zaude eta Netflix ikusten, aldiz, ez», azaldu zuen.
Euskal Herrian abian diren esperientzia anitzen berri izan zuten jarraian Sanagustin kulturgunera bertaratutakoek. Akizuren metaforari jarraiki, oraindik osatzen ari diren artikulazioak, belaun gazteak. Baita pausua sendo ematen duten belaunak ere. Baina artrosiak jotzearen arriskua ahaztu gabe.
Enekoitz Esnaolak, Azpeitiko kultur komunitate artikulatuaren berri emanez, 1998an Uztarria Kultur Koordinakundea mugarri izan zela esan zuen. «Herritarrok subjektu politiko bihurtu eta batera joatearen beharra ikusi genuen», kontatu zuen. Azpeitiko Udala ere ondoan izan dute.
Naziogintza iparrorratz. «Azpeitikoa kultur proiektua da, baina herri proiektua ere bai; herri proiektua da, baina nazio proiektua ere bai. Norabidea hartu genuen kohesio nazionalari garrantzia emanez», azpimarratu zuen.
Herrietako kulturgintzarentzat babesa ere eskatu zuen, «hiriburuetakoak bezainbeste ez baita laguntzen. Ekosistema denon artean osatzen dugu. Gure txikian bidea hasi genuen eta horretan jarraitzen dugu».
Atzoko jardunaldian bildutako askorentzat eredugarria da Azpeitian azken urteotan jorratutako bidea. Durangon, Plateruenak bere ateak itxi ondoren zein urrats eta norabide eman erabaki nahian ari direnentzat, esaterako. Ihintza Orbegozok, “Plateruena eta geroz zer?” batzordeko kideak, Durangon abian jarri den herri dinamikaren nondik norakoa argitu zuen. «Herrigintza, kulturgintza eta euskalgintza ardatz izango ditu», aurreratu zuen.
Eneko Gorrik Baiona-Angelu-Biarritz hiri eremuan euskalgintzan lanean ari direnen esperientzia ekarri zuen, erdal gunean aritzearen ajeak aletuz.
Miren Artetxek Bertsozale Elkartea izan zuen hizpide, pentsa zitekeenaren kontra –Euskal Herriko kulturgintzak begirunez begiratzen dio– lorpenak baino erronkak aireratuz.
Eta saioa bukatzeko, Ihitz Iriarte aloztarrak Iruñean abian dituzten egitasmoak azaldu zituen.