GARA Euskal Herriko egunkaria

Desagertutako haur indigenak bilatzeko eskatu dute Kanadan

Erakunde indigenek eta alderdi politikoek Kanadako Gobernuari eskatu diote desagertutako ehunka haur indigenen gorpuzkiak bilatzeko, herrialdeko mendebaldeko eskola-etxe batean 215 gorpu aurkitu ostean. Justin Trudeau lehen ministroak hitzeman du XIX. eta XX. mendeetan indigenen nahitaezko asimilaziorako martxan jarritako barnetegi horietatik bizirik irten zirenek laguntzak jasoko dituztela. Urrats gehiago egingo dituela iragarri du.


Duela egun batzuk Kanadako mendebaldean indigenentzako eskola-egoitza bateko hobi komun batean 215 gorpu aurkitu ostean, erakunde indigenek eta alderdi politikoek beste barnetegietan desagertutako ehunka haurren gorpuzkiak bilatzeko eskatu diote Gobernuari.

XIX. eta XX. mendeetan sortu ziren eskola horiek, gazte indigenak indarrez asimilatzeko. Estatuak finantzatzen zituen eta erlijio-erakundeek kudeatu. Kalkuluen arabera, 1863. eta 1998. urteen artean, 150.000 adingabe indigena baino gehiago beren etxeetatik atera eta ikastetxe horietan barneratu zituzten, eta bertan ez zitzaien aukerarik ematen ez beren hizkuntzan hitz egiteko ez beren kultura adierazteko, eta tratu txarrak eta abusuak maiz izaten ziren.

Hainbat erakundek kasua salatu dute urteetan, baina Kamloopseko (herrialdeko handiena) barnetegian aurkitutako 215 gorpuzkiek eztabaida areagotu du azken egunetan.

Perry Bellegarde Jatorrizko Nazioen Batzarreko (APN) buru nazionalak, Kanadako talde indigenen ordezkariak, egoitza-eskola guztiak aztertzeko eskatu du. «Egoitza-eskolen sistema herri indigenetako pertsonen aurkako genozidioa izan zen», nabarmendu zuen.

NDP alderdi sozialdemokratak gaia aztertzeko premiazko eztabaida eskatu zuen astelehenean Komunen Ganberan, eta oposizioko talde nagusia, Alderdi Kontserbadorea, eskaeraren alde agertu zen.

Justin Trudeau lehen ministroak hitzeman zuen barnetegi horietatik bizirik atera zirenentzako laguntzak emango dituztela eta iragarri zuen datozen egunetan bere kabinetearekin bilduko dela, gai horren inguruan pauso gehiago emateko.

«Jendea sufritzen ari da, eta hor egon behar dugu bizirik dirautenentzat. Tamalez, Kamloopsekoa ez da salbuespena edo gertakari bakana. Egia aitortu behar dugu. Egoitza-eskolak tragedia bat izan ziren hemen, gure herrialdean, eta aitortu egin behar dugu», adierazi zuen.

Haur Galduak proiektuak orain arte 4.100 hildako baino gehiago identifikatu ditu zentro horietan. Dioenez, horietako asko eskoletan bertan lurperatu zituzten.