GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Pandemiak ez du mugarik, baina Euskal Herriak bai


Hegoaldera eta iparraldera Euskal Herriak dituen mugetatik harago ia ez dago mugitzeko murrizketarik. Pandemiari aurre egiteko neurri ia denak bertan bera gelditzen ari dira, baina, aldiz, muga igarobideetan ez da deus aldatu. Lizarrieta edo Lizuniaga bezalako pasabide txiki askok itxita segitzen dute, eta handiagoetan polizia frantsesaren kontrolak iraunkorrak dira, polizia espainiarrarenak aleatorioak. Mugak, beraz, trabatuta segitzen du, egoera injustu eta guztiz mingarria normalizatuz: estatuen mugen barruan ez dago joan-etorrientzako mugarik, baina pertsonen zirkulazio librerik ez dago Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren artean.

Gauza asko aldatu ditu pandemiak munduan barna. Eta aspaldikoak ziruditen kontu batzuk, globalizazioaren aroak lurperatuak, indarrez itzuli dira. Agian, inoiz ez zirelako benetan joan. Nazio-estatuaren ideia da horietako bat. Indartu egin da, txertoekin, mugen itxierarekin edo ekoizpen eta hornikuntza kateak nazionalizatzeko deialdiekin ikusgarri egin denez. Txertoak herrialde aberatsek ziurtatu dituzte lehendabizi, pobreagoei bidea itxita, sendagai esentzialak ondasun publiko baino merkatu produktu bezala hartzen direla frogatuz, miopea eta hilgarria den nazionalismo kaltegarri baten forman. Pandemiak lehendik ere sendoak ziren joera politiko batzuk indartu ditu, hala nola, protekzionismoa, mugen kontrol zorrotzagoa edo produkzioa bertakotzea. Beste hitz batzuetan esanda: pandemiaren hasieran denek gaitzesten bazituzten komuneko paper eta esne denak supermerkatuetatik hartzen zituztenak, egun herrialde osoek jokatzen dute horrela.

Geure buruari gogoratu behar diogu koronabirusak ez duela mugarik ezagutzen, baina, gure elkartasunak, zoritxarrez, askotan bai. Eta onartu, Euskal Herriarentzat hil ala bizikoa dela estatu propio bat lortzea, kontratu sozial berri batez hornitzea, hori delako internazionalismoa eta justizia, egiazko mundu global bat, bultzatzeko bidea.