Jon Mintegiaga Oiarbide
Guraso eta preso ohia
KOLABORAZIOA

Motxiladun umeak covid-19aren garaian

Jendarte baten arima hobetoen islatzen duena bere haurrak tratatzeko modua dela esan zuen Nelson Mandelak. Espetxeek presoen haurrei ematen dieten tratuari erreparatzen badiogu, arima hori bereziki zikinduta dagoela begiztatzen dugu.

Covid-19aren izurria iazko urte hasieran lehertu zenetik, herritarrok orokorrean jasan ditugun muga eta trabak muturrera eramanak izan dira kartzeletako egunerokoan, kanpoko senideekiko kontaktu fisikoa erabat moztuz, tartean haurrena; salbuespenak salbuespen.

Pentsa urte eta erdi ume baten bizitzan zer den! Tarte honetan haur batzuk oinez hasiko ziren, besteak hizketan, fardela kentzen, bizikletan, mendian, tableta maneiatzen...baten batzuek 10 urteak ere beteko zituzten, eta, hortaz, Elkarbizitzako bisean biseko bereziak egiteko eskubidea ere galduko dute aurrerantzean. Telefono bidezko 5 minutuko dei neurtuak ez dira nahikoa. Ez da justua.

Motxiladun haurrak motxilak betetzen ikusi nahi ditugu, motxilak bete beharra salatzen jarraituko badugu ere.

Haur horiek kartzelako korridoreetatik igarotzen direnean bazterrak kolorez zipriztintzeko eta ertzak leuntzeko dohaina dute. Bisita guneetan ez dute topatzen camping garestietako aktibitaterik edo megapark ponpoxoetako atrakziorik. Asko jota, eskuz esku ibili den jostailu xumeren bat, edo guraso presoak ekartzea lortu duen teniseko pilota edo paperezko eskulanen bat. Gainontzekoa gelan bertan topatzen dute: aulkiak bata bestearen erreskadan jarrita trenak eta autobusak sortzen dituzte; mantekin kanpamentu indiarrak eraikitzen dituzte; leihoetako kortinen atzean ezkuta daitezke, hankak bistan geratuta ere; komunetako kaniletan etxe guztietako kuxidadeak eragingo dituzte, horko putzu eta parrastada, bisita bukaeran korrika dena sikatu beharrean. Beraien presentziarekin hain gune txikian, hain denbora gutxian, hainbeste sentimendu kontzentratuta, klimaxa sortzen dute. Eta guraso presoak, perfumearen esentzia potean harrapatzen den bezala, isolatuko du tarte horretan familia giroan bizitako momentua, moduluko ziega hertsian behin eta berriro begiak itxi, tapa altxatu eta berriro bizitzeko.

Bisean bisekoak, gertatzen diren momentuan ez ezik, etorkizunerako ere garrantzitsuak dira. Elkargune horiek, zuzeneko harreman motz baina jarraituak, familia bildu, lotu eta ezaugarritzen dute.

Orain bospasei urte, trantze horretan aurkitzen nintzenean, posta bidez, kide batek espetxetik espetxera eskuz egindako pirata bizargorri baten kareta igorri zidan. Bisean bisekora ateratzeko aukera izan nuen eta bisita egun horretako jolas izarra bihurtu zen. Behin espetxea atzean utzita, kareta hark umeen gelako paretan zintzilik jarraitzen du, bizirik, egokitu zitzaigunaren eta egun garenaren arteko memoriaren lotura bat bezala. Kuttuna dugu bere esanahiagatik.

Horregatik, izurriari gaina hartzen ari zaion honetan, tabernak, zinemak, kirol jarduerak, eskaintza kulturalak zabaltzen ari direnean, kartzeletako bisita guneak irekitze bidean jartzea premiazkoa da, presoen, haurren eta familien oreka, osasuna eta ongizatea bermatze aldera.

Motxilak bete! Motxilak gora!