Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Urdaiez, Bilbosferako erreserba

Uda hortxe, atarian. Aurten ez dira euliak ziztadak ematen bakarrak; erizainak ere hortxe dira dosiz dosi, beharrezko ziztatzaile. Artaldearen immunitatea lortu nahi, hiritar gehienek gero eta gaitzago izan arren ardi bat hiritik gertu ikustea! Uda ataria, bai, udako ikastaroen hasierakoa. Ama, ama! «Konplexuzenoa» den honetan zer erraz nahasten diren gauzak, ez delako gauza bera ikasi eta irakatsi, batera joan arren. Hortaz, politika ofiziala den orube hori lugorri baino ikastegi hartu beharko lukete batzuek, urtaro guztietan hartu ere, ofiziozko politikari izanagatik ere, irakasle zertan izan ez dutelako.

Tira, Murgoitio, harira! Ez du esan, bada, Lakuako Segurtasun lehendakariordeak jarrera batzuk, berez, pleistozenokoak direla! Harrituta utzi nau paleo-soziologoak, estonatuta; uda ikastaro oso baterako gaia! Giza jarrera batzuk gizartekoi ez direla, ados, jakina! Baina pleistozenoa? Orduko estatutua ote dute erreferente euren lege zaharrek? Ene, ene! Batzuen oroimena ere! Hortaz, Memoriala zentroa inauguratu berri dute, monarka eta enparauak batuta. Memoria ala? Itxuraz ez dira bainuontziez oroitu, ez eta buru tamainako plastiko poltsez ere; urruneko ozeanoetan baino ez dute batzuek plastikoa ikusten. Plastikotan «urrunetik gainez, gerturatu eta bat ez»!

Urdaibai albiste berriro ere. Arrano arrantzale albino jaioberria hil eta ordu gutxira Guggenheim museo transgenikoa jaio, edo. Natura-dokumentaleko gidoia gero! Bilboko auzo hartu dute Urdaibai, Bilbosferako erreserba. Urdaiez! Bilbao Country! Amen! Inkesta garaia ere bada uda. Soziometroa eta Naziometroa. Metro desberdinak gizarte nahiak neurtzeko. Baina nago ni funtsezkoa ez dela erantzunak konparatzea, galderak alderatzea baino; horretantxe aldea! Galderak baldintzatzen du erantzuna, ez aldrebes. Ikastaroen beharra, bai!