Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Udaberri lehorra

Uda astronomikoan sartu berri gara joan den astelehenean, eta uda meteorologikoan, ekainaren 1ean. Baina nolakoa izan da 2021 honetako udaberria?

Aurtengo udaberriaren berezitasuna lehorra edo oso lehorra izan dela da. Euskalmeteko txosten klimatikoan oinarrituta, orokortasun baten barnean, ohi baino %55 euri gutxiago egin du. Normalean udaberri osoan 200 l/m²-ko botatzen dituen lekuetan, ehun eskas izan dira; Araba hegoaldean are gutxiago bota du. Esaterako, Gipuzkoan azken 50 urteetako udaberririk lehorrena izan da.

Martxoa eta apirila oso lehorrak izan dira. Azpimarratzekoa da martxoaren 19tik apirilaren 20ra bitarte ez zuela batere euririk egin. Aldiz, maiatzean ekaitz asko izan dugu eta oso egun gutxitan euri asko jausi da. Zaldiaran, Derio edo Zangroizeko estazio meteorologikoetan ordubetean jausitako euri kopuruak errekorrak hautsi zituen.

Tenperaturetan, aldiz, ohiko urtaroa izan dugu. Oro har, batez bestekoa baino 0,1°C altuagoa izan da. Errekor batzuk ere hautsi dira. Martxoan izan diren tenperatura maximo altuenak erregistratu ziren Oletan eta Mungian, 30,5°C eta 29°C-rekin. Baita apirilean inoiz erregistratu diren tenperatura minimoenak ere, Berastegin eta Orozkon, -2,9°C eta -1°C-rekin.

Udak oraingoz joera ezegonkorra hartu du. Zaila da jakitea, baina aurten ekaitzak protagonista izango direlakoan nago.