GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Jardunaldi jarraitua Patxi Larrainzarren


Egunak daramatzagu eskolaldi jarraituaren aurkako ahotsak entzunez eta, zinez, gure jomuga zein izan beharko litzatekeen ahaztu zaigulako amorraturik gaude. Min ematen digute, leku desberdinetatik eta interes jakin batzuengatik, goizeko eta arratsaldeko jardunaldiaren alde heltzen zaizkigun albiste eta lerroburuek. Besterik eskatu beharrean, gure txikiek pandemia aurreko eskola jardunaldia berreskuratzea garrantzitsuena dela ahotan darabiltenen kezka nagusiena eta batzuentzat bakarra hori dela pentsatzen duenik ere badela konturatuta.

Urte gogorra bizitzea tokatu zaigu aurten eta, zinez, badakigu ez dela batere erraza izan ikasturtea kudeatzea. Baina, askok uste dutenaren aurka, bagara ere aurtengoa inoiz baino ikasturte samurragoa izan dela pentsatzen dugunak. Eskolaldi jarraituak, eskola eta familia bizitza uztartzeko erraztasunak eman baitizkigu eta ikasturte batez, gutxienez, askoz lasaiago bizi izan baikara. Oraingo derrigorrezko jardunaldia dela-eta hautsak harrotzen dabiltzanei, orain artean ezagutu dugun eskola ordutegi etenak gure bizitzak askoz gehiago baldintzatu izan dizkigula esan nahi genieke. Haurrak eskoletan gure lanordu berak edo gehiago betetzera derrigortzen baititugu.

Ez gara ari gauzak ongi egin direla esaten, baina, derrigortasun hori aipatzen dutenei, aurreko jardunaldiak eskolaren esklabo bihurtzen gaituela ere oroitarazi nahi genieke, eta hori ere derrigorrez ezartzen zaigula. Guztiok hala nahi izan gabe.

Jardunaldi etena, orain artean ezagutu dugun eskolaratze modu bakarra izan delako soilik berrezarri nahi izan da. Eskola emaitzei zein geletako giroari hobekien egokitzen zaion modua zein den kontuan hartu gabe.

Gure iparra non jarri beharko genukeen mahaigainean jarri nahiko genuke, ordutegi bat edo beste eskatu beharrean, gure eskola bizitza samurtuko duten erabakiei leku egite aldera: eskola eta lana uztartzeko kontziliazio neurriak eskaintzea, familiei bakoitzaren behar eta egoeren arabera eskola ordutegiak erabakitzeko erraztasunak jartzea, eskolaz kanpoko jarduerak egin ahal izatea (bai eskolatik dohainik eskaintzen direnak, bai guraso elkarteek eskaintzen dituztenak ere), ratioen jaitsiera betiko bermatzea, Hezkuntzatik beharrezkoak diren giza baliabideak bermatzea, irteerak egin ahal izateko irizpideak bateratzea, eskolaz kanpoko espazioen erabilpenari eustea, hezkuntza emozionala zaintzea… Horiek guztiak beharrezkoak iruditzen zaizkigu. Hitz batean, osasun egoera edozein izanda ere, ikasleen mesedetan antolatuko den kalitatezko hezkuntza sistema baten alde egin nahi dugu.

Nafarroan, gainera, ikasturte hasieran aukera polit bat suertatu zen familia, sindikatu eta eskolekin elkarlanean Hezkuntzako protokoloan jasotako neurriak arintzeko edo malgutzeko foro bat sortuz; baina bide motza izan zuen. Pena. Bide polita izan zitekeen/daiteke.

Oraindik garaiz gaudela uste dugu eta, gauzak hobeto egite aldera, hezkuntza komunitatea osatzen dugunoi, inork gure izenean hitz egin beharrean, zein iritzi dugun galdetu beharko liguketela deritzogu. Eztabaidaren erdigunean, norberaren interesez gain, haurren etorkizun samurrago bati nola helduko diogun erdigunean jarrita. Interes guztien gainetik, benetako protagonistak (haurrak) nortzuk diren ahaztu gabe. Izan gaitezen zintzoak. Egin dezagun bidea!

* Sinatzaileak: Mikel Ripodas, Nerea Etxegarai, Ion Zeberio, Oihana Garmendia, Amaia Hualde, Laura Goikoetxea, Pablo Garcia, Patricia Remiro, Ilargi Gonzalez eta Elixabete Ansa