GARA Euskal Herriko egunkaria

Blokeoa amaitzea, premisa ukaezina Kuban


Ozeano bat, propaganda andana eta ohiko fake news bilduma dela medio, ez da erraza Kuban igandean egin ziren manifestazioei neurria hartzea. Uharteak pairatzen duen krisi ekonomiko latza benetan krisi politiko bihurtuko den jakiteko, denbora gehiago behar da. Hala ere, duela sei hamarkada iraultzak ezarritako eredua bukatzear dela iragarri duenik ez da falta, ohi bezala, AEBetan eta Europan. Bistakoa da, ordea, behin eta berriz kale egin dutela iragarpen horrekin urte hauetan guztietan.

Baina propaganda antikastrista baztertuta ere, ezin da ukatu Karibeko herriak egoera zaila bizi duela. Pandemiak eragindako atzeraldi ekonomikoa mundu osora hedatu den arren, krisiari aurre egiteko gaitasuna herrialde bakoitzean aurretik zeuden baldintzek ezartzen dute. Gizartean legez, geopolitikan ere pandemia ez da berdina denontzat. Kuban, zailtasunek indargune batzuk azaleratu dituzte –txertoen garapena da, dudarik gabe, esanguratsuena–, baina 2020an ekonomiak %11 egin zuen atzera, energia-mozketak egon dira azkenaldian eta produktu askoren urritasuna nabarmena da. Ezinegona ulertzekoa da, eta hala onartu zuen atzo Miguel Diaz-Canel presidenteak, azpimarratuz manifestari guztiak ez direla kontrairaultzaileak, egoerarekin haserre dauden hiritarrak baizik.&discReturn;&discReturn;

Egongo da denbora analisi sakon eta lasaiagoak egiteko, halakorik posible bada Kubaren kasuan. Baina gaiak inguruotan pizten dituen jarrera sutsuak ezagututa, ezinbestekoa da Kubari buruzko edozein eztabaidak eskatzen duen premisa gogoraraztea: AEBen blokeoa amaitzea. Trumpek zigorra gogortu zuen, eta Bidenek ez du orain arte zirkinik egin ezer aldatzeko, nahiz eta badakien pandemiak egoera latza eragin duela –edo horrexegatik, hain zuzen ere, ezinegona bultzatzeko estrategia zital gisa–. Ezin da Kubari buruz eztabaidatu, munduko potentzia militar eta ekonomiko handienak Karibeko herri xume honi ezarritako blokeo ekonomikoa salatu gabe. Ez, behintzat, eztabaida faltsutu eta zinismo erakustaldi lotsagabea egin gabe.