EDITORIALA

Etxera itzultzeko euskal presoen eskubidea

Foro Sozial Iraunkorrak Behatokiaren laugarren monografikoa aurkeztu du. Bertan, Auzitegi Nazionala presoen birgizarteratze-ibilbideetan jartzen ari den oztopoak aztertzen dira. Dokumentuaren arabera, presoen eskaerei jartzen zaizkien trabak areagotzen ari dira. Edozein errekurtsok prozedurak atzeratzen ditu, txosten berriak egitera behartzen du eta, praktikan, espedienteak gelditu arte moteltzen ditu. Jarrera horrek epe laburrean eta ertainean presoen egoeran blokeoa eragin dezakeela salatu du Behatokiak bere txostenean.

Presoen baimenak, aparteko erredentzioak edo gradu-progresioak izapidetzeaz arduratzen diren Auzitegi Nazionaleko hiru instantzietan, arau bihurtu da edozein eskaeraren aurkako jarrera. Deigarriena erabilitako argudiatzea da. Lehendabizi, presoen idazkien zintzotasun falta aipatzen dute; argudio horrekin, eskaerekin batera doazen gainerako txosten guztiak baztertzen dituzte. Bigarrenik, damurik ez dela hautematen diote. Horretarako, nahikoa da presoak terminologia jakin bat erabiltzea. Hirugarrenik, ezarritako kondena-denbora hartzen dute kontuan, ez legeak ezarritako gehieneko betetze-maila; nolabait, ordainketa-printzipioari izaera ematen diote, egin duenak ordain dezala. Argudio horiekin legea bortxatzen dute eta birsozializazioa bezalako kontzeptuak desagertu egiten dira. Jarrera horrekin, presoek jada jasotakoei zigor gehigarriak batzen dizkiete. Kasu batzuetan, aparteko erredentzioak galdu dituzte atzera bueltarik gabe, eta, kasu gehienetan, maniobra horiek baimenak lortzeko edo baldintzapeko askatasuna eskuratzeko itxaronaldia luzatzea dakarte.

Azken batean, aldaketon atzean jarrera politiko ideologiko zehatz bat dago, mendekua bilatzen duena eta presoak beren interes politiko partikularren bahitu gisa erabiltzen dituena. Hori horrela, gatazkaren ondorioetan aurrera egitea saihesten dute, existitzen ez den gatazka-egoera betikotzen saiatzeko. Jarrera horiek alboratzea ezinbestekoa da. Euskal preso politikoek modu naturalean etxera bueltatzeko eskubidea dute eta hori egikaritu egin behar da.