Imanol CARRILLO

Rovanpera, WRCko irabazlerik gazteena

Markak hausteko daudela behin baino gehiagotan entzun da kirol munduan. Bada rallyek, WRC Mundialeko probek, hain zuzen, errekor berri bat dute atzotik. 20 urte eta 290 egun dituen Kalle Rovanpera finlandiarrak etxetik gertuko rallya –Estoniakoa– irabazi zuen Jonne Halttunen laguntzarekin, eta halako garaipen bat lortzen historiako gidaririk gazteena bihurtu da. Gaztetasun marka finkatzen azkena Kalleren herrikide eta orain Toyota Gazoo Racing taldeko zuzendari Jari-Matti Latvala izan zen, 2008an, 22 urte eta 313 egunekin. Rovanpera eta Halttunen Tartu inguruan egindako proban atera ziren atzo garaile. Munduko Txapelketako zazpigarren proba honetan, 2:51:29.1 denbora behar izan zuten. Craig Breen irlandarrari (Hyundai) 59,9 segundoko aldea atera zioten. Hirugarren Thierry Neuville (Hyundai) izan zen. Orain Estonian bizi den Rovanperak, Halttunenekin batera, bere aita Harrirekin ospatu zuen garaipena podiumean. Hark ere ezagutu zuen garaipena, bakarra bada ere, WRC Mundialean: Suediako rallyan, 2001ean.