Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

1804, 1910 eta 2021

Eguraldia protagonismo asko izaten ari da azken boladan. Azken egunetan, zoritxarrez, berriz ere zeresana eman du. Alemaniako Ahr haranean sekulako triskantzak eragin ditu, uholde handiak eraginez eta hildako ugari utziz. Baina, nola eman da egoera hori eta lehenago ere eman al da?

Gertatutakoa ulertzea oso erraza da. Aire-masa hotz bat Alemania mendebaldean kokatu zen, bere bi ertzetan presio altuko gune indartsuak zeudela. Horiek ez zioten depresioari bere ohiko ibilbidea (mendebaldetik ekialdera) egiten uzten eta sekulako euriteak utzi zituen inguru zehatz horretan. Alemaniako, Belgikako eta Herbehereetako datuak kontuan hartuta, 195 hildako eta 200 desagertu baina gehiago utzi dituzte uholdeok.

Ahr haranean egoera berdina errepikatzen den hirugarren aldia da. 1804an eta 1910ean ere antzeko beste bi uholde izan ziren, hildako asko eta kalte material handiak utziz. Dudarik ez dago lurraren berotzeak halako fenomenoak ohikoagoak egitea dakarrela, baina kasu honetan erru osoa aldaketa klimatikoari botatzea egokia ez dela uste dut. Lurraren erabilera okerrean dago gertatutakoaren muina. Herriak eta etxebizitzak uholde lautadetan eraikita daude, baita ibaien garai bateko meandroetan ere. Halako euri jasak daudenean eta ibaiak ur-emari hori eraman ezin duenean, ibilbidetik irten eta triskantza izugarriak eragiten ditu, pertsona askoren bizitzak arriskuan jarriz.