GARA Euskal Herriko egunkaria

Omenaldia jaso du Jose Mitxelenak Ordizian


Atzo korritu zen Ordiziako Klasikoaren 98. edizioa. Garaipena Luis Leon Sanchez Astana taldeko murtziarrak eskuratu zuen –informazio osoa eta sailkapenak 20. orrian ikus daitezke–, baina kirol lehiaz gain, Txapel Gorri txirrindularitza elkarteak, probaren antolatzaileak, hainbat ziklista ohi eta lasterketaren antolakuntzan lagundu izan duten pertsona omentzeko baliatu nahi izan zuen eguna. Proba hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten Antxon Zabala eta Miguel Elorzaren omenez. Zabala lasterketako sendagilea izan zen urte askoan eta Elorza epaileen autoa gidatzen aritu zen. Hil berri diren Antton Barrutia (1963ko irabazlea) eta Antonio Gomez del Moral (1966koa) txirrindulari ohiak ere gogoan izan zituzten ekitaldian. Sari banaketaren garaian, azkenik, Jose Mitxelena oiartzuarrak jaso zuen omenaldia. Mitxelenak 88 urte ditu gaur egun eta 1953 eta 1957ko ekitaldiak irabazi zituen. Mitxelenak pozarren jaso zuen antolatzaileek oparitutako oroigarria eta merezitako lekua izan zuen beste saritu guztien artean.