GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Osakidetza, okerretik desagertzera


Otsailean 33 urte bete ditut Osakidetzako langile bezala eta denetatik ikusi dut, bere garaian Marcos Merinoren kartzelatzea 90eko hamarkadan LEPean iruzurra egiteagatik, peonadak, autokontzertazioa, ordu estrak nonahi, pribatizazioak, bajen eta oporren ez ordezkatzeak, kontratuak finkoaren egutegiaren araberakoak, azken dimisioak LEPean berriro ere iruzur zantzuak zirela medio... Denetarik. Uste nuen jada ezer gutxik txundituko ninduela; ez ba, Osakidetzak erakutsi dit oraindik txunditzeko ahalmen ikaragarria duela.

Urte eta erdi daramagu jada pandemia honekin, nik Errenteriako Osasun Zentroan egiten dut lan, EAGan (PAC), eta bertako egoera jasangaitza da. Alde batetik, bertako administrariok oraindik ez dugu metro eta erdiko segurtasun distantziarik, ez eta bereizketa manpararik ere gure artean, gure agintariek edozein bileratan dituzten bezala. PCR guztiak osasun zentroan egiten dira beste askotan ez bezala, ate nagusian egundoko nahas-mahasak sortuz, bertan (zentroan) gurutzatzen dira medikuagana datozenak, pediatriara, larrialdietara, covid-19 positiboak, negatiboak, asintomatikoak... hor dabiltza guztiak alegre biribilketan. Esan beharra dago bezeroentzako itxarote aretoetan jada distantziarik ez dela gorde behar, ez dakit nork aginduta. Bestalde, Osakidetzak bere afizio eta ofizioari jarraiki, nahiz eta egoera dena den, udako oporren ordezkapenei muzin egin die batez ere erizain eta medikuei (ordezkapenak 0) dagokienez. Hau gutxi ez eta inguruko osasun zentroak itxi ditu 17.00etatik 20.00etara: Lezo –6.045 biztanle–, Oiartzun –10.576 biztanle–, Errenteria –39.954 biztanle–, Beraun–Errenteria– eta Pasaia –16.000 biztanle–. Beraz, biztanleria hori guztia, 72.561, Errenteriako Etengabeko Arreta Gunearen mende geratzen da: bi mediku, bi erizain eta bi administrari; Osakidetzak dioen bezala, «horario de verano». Esan behar dut, murrizketak direla medio, askotan mostradoreetan aurpegia ematen gauden langileok lotsa ere pasatzen dugula erabiltzaileari zitak, azalpenak eta abar... ematerakoan. Bai, gure enpresak egiten duen edo ez duenagatik, lotsa. Ez dakit gure agintariek, murrizketak egiten dituzten horiek, zenbat iraungo luketen edo gaitasunik izango luketen mostradorerako, aurpegia emateko gaixoaren aurrean, azaldu ezina azaltzeko, telefonozko zita bat ez dakit noizko emateko... Gu ez gaude Osakidetzari aurpegia ateratzeko, errealitatea kontatzeko baizik, gaixoekin gaude, beraien kexak eta «mala ostiak» gehienetan ulergarriak dira. Pandemiak biluzik harrapatu bagintuen, amaiera ikusten ez den honetan nola bukatuko dugu? Gero hor doaz gure agintariak osasungintzako langileoi omenaldiak egitera... Doazela pikutara, omenaldi gutxiago eta lan baldintza hobeagoak behar ditugu, oraindik 2007ko akordioak dirau gure lan baldintzak arautzen, lotsagabeak. Egoera benetan larria da. Salba dezagun, hobetu dezagun osasun publikoa, kalitatez hornitu dezagun, guztion mesederako.