GARA
ATENAS

Suteen kontra ari den Grezian, baliabide falta salatzen duten kritikak ugaritu dira

Grezia osoan piztutako suteek eragindako amesgaiztoak bosgarren eguna bete zuen atzo.

Azken egunotan piztu diren ehunka suteetatik larrienek kontrolik gabe jarraitzen zuten atzo Eubea uhartean, Peloponeson eta Atenas iparraldeko aldirietan. Azken horrek itxura hobea erakusten zuen, behin ostiraleko hondamendia amaituta; hain zuzen, sugarrek hainbat udalerri modu frenetikoan ebakuatzera behartu zuten. 55 fronte aktibo ziren atzokoan.

Eubea gainean ordubetez euria egin zuen arren, haizeteek hego-mendebalderantz eraman zuten sua, uhartearen ia iparralde guztia suntsitu ostean, Calcis hiriburua arriskuan jarriz. Iparraldeko frontea, berriz, Istieatik kilometro gutxira zegoen, eta hegazkinen presentzia handitu egin zen bertan zeuden 25.000 pertsonak babesteko.

Ia 40 herri ebakuatu dituzte Eubean. Ostiral gauean, 600 pertsona baino gehiago atera behar izan zituzten uhartetik itsasontziz.

Jendea haserre zegoen eta Gobernuaren jarduerari zuzendutako kritika ugari izan ziren; areagotu egin ziren prebentziorako aurrekontuak azken hamarkadan mila milioiko murrizketa izan duela zabaltzean.

Gobernu kontserbadoreak aurrekontu militarra handitu eta Polizia kontratatu zuen bitartean, 4.000 suhiltzaile gutxiago daudela azpimarratu zuten hainbat hedabidek. Txosten horien arabera, suhiltzaileek 17 milioi euroko aurrekontua eskatu zioten Estatuari 2021erako, eta 1,7 milioi euro jaso dituzte.