GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Gazte kanpamentuak: esperientzia baliotsua


Komunikazio- eta informazio-teknologiek pertsonen arteko harremanak eta aisialdiaz gozatzeko modua eraldatu duten garai hauetan, aurreko garaietako ekimen batzuek bizirik jarraitzen dute oraindik, eta oporrez gozatzeko aukera interesgarria dira. Horietako bat lan arkeologikoak egiteko antolatzen diren udako gazte kanpamentuak dira. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, sei antolatu ditu. Horietako bat, Lesakan, frankismoak, gerra amaitu ondoren, eraiki zituen bunkerrak berreskuratzeko. Espainolak beldur ziren Pirinioetan barrena inbasioa izango zutela, eta aukera hori saihesteko muga gotortzea erabaki zuten.

Horrelako ekimenak interesgarriak dira hainbat arrazoirengatik. Hasteko, komunitatearentzat emaitza praktikoa dute, arretarik gabe utzitako ondare bat berreskuratzen baita. Horrela, denboraren poderioz galduko liratekeen historia zatiak erreskatatzen dira. Hondakin historikoak ugariak dira eta zaila da guztiak babestea. Parte-hartzaileentzat ere baliagarri izaten dira, erregistro arkeologikoaren arauei buruzko ezagutza praktikoak berenganatzen baitituzte, baita ondare historiko hori eraiki zen garaiari eta testuinguruari buruzkoak ere. Nolanahi ere, kanpamentu horiek ez dira lana eta ikasketak bakarrik. Beste kultura batzuetako jendearekin beste inguru batean bizitzea esperientzia aberasgarria da, tabuak eta klixeak haustea eta tokiko kultura zuzenean ezagutzea ahalbidetzen baitu. Trukea baliotsua da, bai beste leku batzuetako parte-hartzaileentzat, bai horiek hartzen dituen komunitatearentzat; are gehiago, konfrontazio garai nahasi hauetan.

Pandemia sasoi honetan udako gazte-kanpamentuak antolatu izana albiste ona da. Teknologiak ez du beste pertsonekin eta beste kulturekin zuzeneko harremanak izateko gogoa zapuztu. Horrelako ekimenak ugaritzeak onura besterik ez du ekarriko.