Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Golkoko korrontea

Golkoko korrontea azaleko korronte ozeaniko bat da. Europa mendebaldera orokorrean klima epela ekartzearen errudun nagusietako bat da. Kariben eta ekuatorean dauden ur epelek eragindako azaleko korrontea gugana iristen da, eta klima epela uzten digu.

Baina korronte hori oso hauskorra da. Ur gozoaren eta gaziaren arteko oreka baten menpe dago une oro. Azken urteetan Artikoko eta Antartikako izotzen urtze masiboak, prezipitazioen indartzeak eta ugaritzeak eta ondorioz ibaien ur-emari batzuk handitzeak ur gazi eta gozoaren arteko balantza desorekatzea ekarri du. Desoreka horrek korrontearen biziraupena arriskuan jar dezake eta halaxe egiten ari da, ahultze bidean baitago.

Korronte hori desagertzeak klimari asko eragingo lioke. Guri dagokigunez, batez besteko tenperaturen jaitsiera handi bat ekarriko luke, eta horrek urtaroei zuzenean eragingo lieke. Neguak oraingoak baino gogorragoak izango genituzke, hotzaldi ugarirekin eta tenperatura oso hotzekin. Aldiz, udak askoz freskoagoak izango lirateke, orokorrean orain ditugun bero-boladak alde batera geratuko liratekeelarik.

Hala ere, oraindik oso goiz da korrontea epe laburrera moztuko den jakiteko eta gure klimak ze joera hartuko duen jakiteko. Gertatzen bada, eta itxura hori dauka, gauza ikusgarriak bizitzeko gaude oraindik mende honetan zehar.