Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kopletatik haratago

Gizon arruntaren kopletan halaxe kantatzen zuen koplariak: «Gauzak gaizki dabiltza, hau da komeriya, Afganistan-en gerra piztu zuten iya …». Plazan hori kantatzen genuenetik lau hamarkada joan badira ere Afganistanen gerrak bere horretan jarraitzen du, denbora han gelditu izan bailitzan. Kontuak atera, tontorretan ere zortzimilakoak nekez heltzen dira han zazpimilakoak izatera. Baina ez, ez da komeria, tragedia da, tragediaren pandemia hain dago zabalduta planeta honetako munduetan! Aldaera asko izan arren...

Hondamen asko eta askotarikoak XXI. mendean. Teknologia eta berrikuntzaren gaineko fede itsu ofiziala barregarri utzi arteko tragediak. Gero eta gutxiago dira arriskuak naturalak eta gero eta gehiago antropikoak. Koplariak berak zuen beste kanta batean esaten: «Ez gara hain onak benetan». Baina zaila zaigu hori onartzea, benetan. Soziologoen artean bada «arriskuaren gizartea» izeneko ildoa, baina nago ni egokiagoa dela «gizartearen arriskua» esatea…

Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak txosten eguneratua atera berri du argira, inoizko gogorrena geroko eszenatokiak irudikatzerakoan, eta kezkati atera dira aldi berean hango eta hemengo agintariak… bide berean gauza gehiago egin behar direlakoan, arazoa bidea bera denean. Indarrean den pandemia ez badugu ikasgai bihurtzen ez dakit zelan egingo diogun aurre gerora helduko diren klima pandemiei. Ez gara hain onak benetan.

Lurrean gero eta zaurgarriagoak garen honetan batzuek espaziora minutu batzuetan bidaiatzea dute helburu. Ez dut uste gauza handirik ikusiko dutenik gaur-gaurkoz; ke-lainoek estaliko diete basoa lurralde askotan, eta beste batzuetan urtegiak siku agertuko zaizkie, hidroelektrikoek apropos hustuta energia merkea garesti kobratzeko… energia trafikatzaileak! Jende arruntak badugu zertan lan egin, kopletatik haratago …