GARA
PorT-au-PRINCE

Gutxienez 724 lagun hil dira Haitin lurrikararen ondorioz

Larunbatean gertatu zen 7,2 graduko indarreko lurrikarak gutxienez 724 hildako eta 2.800 zauritu utzi ditu Haitin, Babes Zibilak atzo emandako datuen arabera. Zehaztu zuenez, 500 pertsona hil ziren hegoaldean, 100 Grand Ansen, 122 Nippesen eta bi ipar-ekialdean.

Horretaz gain, lurrikarak ospitale, eskola, eliza, hotel eta enpresa ugari suntsitu zituela jakinarazi zuen. Erreskate lanetan eta kalteak neurtzen jarraitzen dute.

Azken 25 urteetan Latinoamerikan izandako hamar mugimendu sismikorik hilgarrienen artean dago larunbatekoa. Saint-Louis du Sud herritik 12 bat kilometrora gertatu zen eta 10 kilometroko sakoneran eduki zuen erdigunea. Ariel Henry lehen ministroak larrialdi egoera ezarri zuen larunbatean bertan. Kontuan izan behar da joan den uztailaren 7an Jovenel Moise presidentea hil zutela eta krisi politiko betean dagoela Haiti.

404 erreplika Kuban

Dominikar Errepublikan eta Kuban ere sentitu zen lurrikara. Atzo 404 erreplika zenbatu zituzten azken honetan, ikerketa sismologikoak egiten dituen zentro nazionalak, Cenais-ek, jakinarazi zuenez. Kubako Santiago eta Guantanamo probintzietan sumatu ziren astinaldi horiek, uhartearen ekialdean alegia. 4,2 eta 6 gradu artekoak izan ziren mugimenduak.

Cenaiseko zuzendariordeak, Enrique Arangok, azaldu zuenez, lurrikararen erdigunetik hurbil dauden inguruetako erreplika horiek aste batzuk iraun ditzakete.

Kuba eta Haiti kokatuak dauden espazio geografikoan faila tektonikoen sistema ezberdinak elkartzen dira eta mugimendu sismiko handiak eragiten dituzte, adituek esplikatzen dutenez.