GARA Euskal Herriko egunkaria

Alderdia larri baina Putin ziur iraileko hauteskundeei begira

Behe Ganberarako bozak egingo dira aurki Errusian. Putinen onarpen maila ez bezala, Errusia Batua alderdiarena orain arteko marka guztien azpitik dago, %32 baten bueltan. Hala ere, presidenteak Dumaren kontrola mantenduko duela ez du inork zalantzan jartzen.


Sekula baino herritarren babes urriagoa duen arren, inkesten arabera %32koa, Vladimir Putinen Errusia Batua alderdiak aste batzuk barru egitekoak diren hauteskundeetan Errusiako behe ganberako gehiengo konstituzionalari eutsiko diola ia ziurtzat jotzen da. Moteltze ekonomikoak, inflazioaren gorakadak, ustelkeria kasuek, Errusia gogor kolpatzen ari den koronabirusaren krisiak edo hondamendi ekologikoek asko higatu dute Errusia Batua, eta, presidenteak onarpen maila altua mantentzen duen arren, Kremlinak badauzka kezkarako arrazoiak, bozek boto emaileen mesfidantzaren berri emango baitute.

Horren jakitun, Putinek erretirodunei 10.000 errubloko (115 euro) dirulaguntza zuzen bat ematea erabaki du, irailean bertan emango zaiena, hilak 17tik 19ra egitekoak diren hauteskundeekin batera. Are, militarrak diren erretirodunentzat laguntza 15.000 errublokoa (172,5 euro) izango da. Eta, noski, jakina da erretirodunek masiboki ematen diotela botoa boterean den alderdiari.

Oposizioaren jazarpena

Errusia Batua alderdiari ez bezala, inkestek %62ko babesa ematen diote Putini. Bere aurkariek, baina, ez dute soilik erretirodunekin egin nahi duen trikimailua salatzen. Aleksei Navalni oposizioko kidearen mugimendua «kanpo agenteen mendekoa» dela ebatzi eta legez kanpo utzi ostean, hauteskundeen garbitasuna ikuskatzen duen Golos gobernuz kanpoko erakundea ere zaku berean sartu du, kritikoa den Doid telebista katea bezala, oposizioa trinkotzeko ahalegina ezerezean utziz.

Are, botoa zatitzeko eta horrela Errusia Batua alderdiaren aukerak hobetzeko eta garaipena errazteko, alderdi txiki piloa legeztatu izana salatu du oposizioak, tartean Errusiako Alderdi Komunistak eta demokrata-liberalek. Azkenik, Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak Moskuk ezarri dizkion trabak medio hauteskundeak ikuskatuko dituzten ordezkariak ezin izango dituela Errusiara bidali jakitera eman du.

Ukrainak Sobietar Batasunetik lortutako independentzia ospatu du

Desfile militar batekin eta Krimearen berreskuratzea denbora kontua dela lau haizeetara aldarrikatuz ospatu zuen atzo Ukrainak Sobietar Batasunaren desegitearen ondoren heldutako «independentziaren errestaurazioa». Lehen aldiz erabili zuen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik “errestaurazio” hitza, Lituanian, Letonian eta Estonian oso ohikoa den arren. Ukrainarrak Kieveko Rus dinastiaren oinordeko direla aldarrikatu zuen, mila urte izatera heldu zen «Europa erdialdeko herrialdea». Aurrerantzean Ukrainako Egun Nazionala uztailaren 28a izango dela ere aurreratu zuen: Kieveko Rusaren bataioaren eguna.

Ospakizunei indarra emateko, “Krimea Plataforma” deritzon foroa ere inauguratu zen Kieven. Europar Batasuneko estatu guztiak, Turkia eta nazioarteko 46 erakunde eta estatu biltzen dituen foroak «Krimearen desokupazioaren» aldeko konpromisoa berretsi zuen. Sinatu zuten testuan, Krimea Errusia izatea ez dutela «sekula» aitortuko zin egin zuten eta aurrerantzean «Errusiaren okupazio militarraren aurka» politikoki eta diplomatikoki bitarteko guztiak erabiliz jardungo direla aurreratu zuten.

Moskuk, bere aldetik, haserre baino txantxarako gogoz, Krimea Plataformaren biltzarra «akelarre» bat izan zela salatu zuen. Sergei Lavrov Errusiako Kanpo Harremanetarako ministroaren hitzetan, «Errusiaren kontrako histeriaren erakusgarria» izan zen hitzordua. GARA