GARA
CANBERRA

Ehun atxiloketa baino gehiago Australian murrizketen aurkako protestengatik

Gutxienez 135 pertsona atxilotu zituzten, atzo, Sydney hirian eta Australiako beste leku batzuetan, covid-19aren agerraldi baten ondorioz ezarritako konfinamendu-neurrien aurkako kaleko protesta txiki «isiletan» parte hartzeagatik.

69 protesta egin ziren guztira, baina jende gehiena Hegoaldeko Gales Berria estatuan elkartu zen, Sydneyn egoitza duen Legebiltzarraren parean. Queensland eta Victoria estatuetan ere batu zen jendea protestara, horietariko asko maskararik gabe.

Hasieran, kamioi-gidariek antolatu zituzten manifestazioak txertoen nahitaezkotasunaren aurka protesta egiteko. Sydneyk covid-19aren agerraldi berri bat bizi du, eta txertoen nahitaezkotasunak hiriko zenbait gunetan bizi diren biztanleei zein Hegoaldeko Gales Berriaren eta Queenslandeko estatuaren artean mugitzen diren funtsezko langileei eragiten die.

Uztailaren amaieran eta abuztuaren erdialdean ere izan ziren antzeko protestak Sydneyn eta Melbournen, hurrenez hurren, eta istiluak izan ziren Poliziaren eta negazionisten artean.

Ekainean Sydneyn atzemandako delta aldaeraren aurka borrokatu nahian ari da Australia. Joan den ekainaren 26tik, Sydney hiria eta ingurukoak eta, pixkanaka, Hegoaldeko Gales Berriko beste leku batzuk konfinatu ditu Gobernuak. Agerraldi honen hasieratik 18.000 pertsona kutsatu dira Hegoaldeko Gales Berrian.

19 atxilotu Zeelanda Berrian

Australian bezala, Zeelanda Berriko Poliziak herrialde osoan zehar hainbat protestatan parte hartu zuten 19 pertsona atxilotu zituen atzo. Hainbat udalerritan, Auckland hiria barne, Gobernuaren eraikinen aurrean egin ziren hamar elkarretaratzeak desegin zituen Poliziak.

«Protestak ondo funtzionatzen duen demokrazia baten ezaugarri badira ere, Poliziak tolerantzia oso txikia du egungo egoeran dauden murrizketen aurrean», dio Poliziaren komunikatuak. Azaldu zuenez, atxiloketak covid-19a geldiarazteko mugikortasunean eta biltzeko eskubidean ezarritako murrizketak urratzeagatik izan ziren.

Manifestazioak ia herrialde guztietako konfinamenduaren azken egunean egin ziren. Aucklandeko 1,6 milioi biztanlek baino gehiagok, ordea, beste bi astez egon beharko dute konfinatuta.

Zeelanda Berria mundu osoan eredu izan da pandemiaren kudeaketa eraginkorragatik. Mugak ixtea eta konfinamendu gogor eta goiztiarrak ezartzea erabaki zuen.