GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Natur hondamendien giza jatorria, agerian


Klimarekin lotutako hondamendiak bost aldiz biderkatu dira azken 50 urteetan, klima-aldaketak eta muturreko baldintza meteorologikoek bultzatuta. Guztira, katastrofe hauek 2 milioi heriotza baino gehiago eta 3,08 bilioi euroko galerak eragin dituzte. Munduko Meteorologia Erakundeak atzo argitaratutako hilkortasun eta galera ekonomikoen atlasaren arabera, batez beste, egunean hondamendi meteorologiko bat gertatzen da munduan, 115 hildako eta 202 milioi dolarreko galerarekin. Pentsa, egunero, horrelako tragedia bat.

1979-2019 urte tartea aztertu duen txostenaren arabera, heriotza horien %91 garapen bidean dauden herrialdeetan gertatu ziren. Hau da, sistema kapitalistaren ardatz den desberdinkeriak babesgabeak zigortzen ditu, beste behin ere. Historikoki horrelako gertaerei «hondamendi natural» deitu izan diegu, gizakion esku-hartzeak horiekin zerikusirik izango ez balu bezala. Txostenak, alde batetik, katastrofe hauen ugaritzeak klima-larrialdiarekin zerikusi zuzena duela erakusten du. Bestetik, katastrofe horien aurrean gobernuek egiten dutenaren arabera, lehentasun etiko eta politika publikoen arabera, kalteak oso desberdinak izango dira. Horren adibiderik garbiena Kuba da. Hango gobernuarentzat herritarren bizitza salbatzea lehentasuna da, eta herritar guztiak dira lehentasun, salbuespen eta bereizkeriarik gabe. Ondorioz, inguruko herrialdeekin konparatuta, ekaitzak izaten dituztenean Kuban kalte materialak parekoak izaten dira, baina heriotzak askoz gutxiago dira, saihestu ezin izan direnak.

Txostena dela-eta, Nazio Batuen Erakundeko adituek alarmak eta prebentzio sistemak indartzearen aldeko deia egin zuten, zenbait tokitan horien faltak eragiten dituen galerak nabarmenduz. Alta, hauek ez dira Karibeko kontuak, duela gutxi Alemanian ikusi den bezala. Prebentzio sistemekin batera, klima larrialdiari buelta emateko politika zuzenak behar dira. Bide horretan, Nafarroan atzo aurkeztu zen Klima Aldaketa eta Energia Trantsiziorako lege proposamena urrats bat da. Izan dadila urrats sendoa.