03 SET. 2021 JOPUNTUA Nola elikatu zoriona? Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Iraila hasi berri dugu, hau da benetako urte hasiera, errutinei berriro ekin eta proiektu berriak hasteko hilabetea. Eskola hasten da, eta bada, esaterako, hizkuntza berria ikasten hasteko garaia edo kirola egiteari ekiteko unea. Gimnasioetan matrikula gehien egiten diren hilabetea. Ohikotasunera itzultzean, udan loditu izanaz jabetzen gara, batez ere oporretan, bat-bateko afariak, izozkiak eta erlaxazioaren ondoriozko gutizia txikiak ohikoagoak direnean. Nahiz eta gaia errepikakorra izan egunotan, esamesa bat baino haratago doa, haurren osasunean bereziki eragiten duen portaera da eta. Ez gara larrituko ohiko murrizketetatik zertxobait askatzeagatik, baina aitortu behar dugu haurren obesitatea osasun erronka dela, eta udak eragin handia du horretan. Osasun mentalean eta bizi kalitatean eragin negatiboa du eta bestelako eritasunak eragiten ditu. Horren arrazoiak askotarikoak dira, baina faktore erabakigarrietako bat familiaren maila sozioekonomikoa da. Argia da gizarte desberdintasunen eraginak zabalak eta oso egunerokoak direla. Ildo horretan, ohikoa da elikagaien prezioa edo jarduera fisikoa egiteko aukera falta aipatzea, baina ezin dugu ahaztu janariaren balio sinbolikoa. Janariak, sostengu fisikoa izatetik harago, balio sozial, kultural eta emozional ukaezina du. Diru sarrera txikiko familietan, gabezia egoeren aurkako antidoto sinbolikoa da. Izan ere, umeen nahi eta zaletasunen artean, jaki ez oso osasungarriak daude, hala nola freskagarriak, gozokiak, opilak edo aperitiboak, edozein aita-amarentzat ordaingarriak. Arazo ekonomikoak ez dituztenen artean errazagoa da ezetz esatea seme-alabek behin eta berriro egindako eskaerei. Ezetz esatea ere bada ohitura osasungarriak txertatzeko modua. Aldiz, egoera zailagoan daudenen kasuan, baiezkoa emateko tentazioa handiagoa da. Seme-alaben nahiak asetzeko aukerak askoz gutxiago dira; ezin dute akaso bideo joko jakin bat erosi, baina bai modako patatak. Bide batez, umeen beharrak asetzeko gai direla erakusten dute, finean, guraso onak izan nahi dutelako. Las comidas,