Dabid LAZKANOITURBURU

Indiak beldurra dio Kaxmirreko buruzagi independentista zenduari

Etxean atxilotuta zela gaixorik hil ondoren, Indiak ezkutuan eta gauerdian hilobiratu du Syed Ali Shah Geelani Kaxmirreko buruzagi independentista historikoa. Etxeratzeko agindua ezarri du Armada okupatzaileak Kaxmirren eta Interneterako sarbidea moztu du protestak eta omenaldiak saihestu nahian. Ez du, hala ere, helburua lortu.

Soldadu gehiago bidali eta Interneteko sarbidea moztu ondoren, Indiak etxeratzeko agindua ezarri du Srinagar Kaxmirreko udako hiriburuan Syed Ali Shah Geelani buruzagi independentista zendu ondoren. Geelani etxe barruko arrastatzean zen 2010ez geroztik –ordutik hona 2014an soilik utzi zioten etxetik irteten, bi hilabetez–, eta, hala, bertan hil zen astearte gaueko hamarretan, «adinarekin lotutako gaitzek jota», Zahoor Geelani bere suhiak azaldu zuenez.

Buruzagi independentistaren seme gazteenak, Syed Naseem Geelanik, goizaldean segurtasun indarrak etxean sartu eta gorpua leku sekretu batera eraman zutela salatu zuen, familiari azken ohorezko errituak egiten utzi gabe. Horrela bada, gezurtatu egin zuen “The Hindustan Times” egunkariak esandakoa, alegia, gertuko senitartekoek eta auzokideek goizaldeko lauretan egindako hiletan egoteko aukera izan zutela.

Hori bai, egunkariak onartu egin zuen Poliziak ez ziela komunikabideei etxera gerturatzen utzi. «Ezkutuan lurperatu dute», salatu zuen Syed Naseem Geelani semeak. Indian –eta beste hainbat herrialdetan– ohikoa da etsai politikoak eta haien senitartekoak hil eta gero ere bakean ez uztea eta gorpuak bahitzea, jarraitzaileek hildakoak ohoratzeko tokirik izan ez dezaten.

Omenezko martxa

Oztopoak oztopo, Hurriyat Alderdi Independentisten Batzarrak (APHC) herritarrei dei egin zien buruzagia bizi zen Srinagarreko Hyderpora auzora hurbiltzeko eta bere etxetik hastekoa zen manifestazioan parte hartzeko. Indiako soldaduek kaleak moztu zituzten. Adina eta osasun arazoak tarteko, iaz utzi zuen Hurriyaten buruzagitza 1929an Kaxmirreko iparraldean jaiotako Geelanik.

Autodeterminazio eskubidearen defendatzaile irmoa, hiru aldiz hautatu zuten herrialdeko legebiltzarkide Geelani, 1972an, 1977an eta 1987an, Jama'at-e-Islami alderdiaren izenean. Aldiz, matxinada independentista armatuak eztanda egin zuenean, 80ko hamarkadaren bukaeran, alde egin eta «askatasunaren aldeko borrokan» parte hartzea erabaki zuen.

Geelanik jarraitzaile asko zituen eta, hizlari fina izateaz aparte, hogei bat liburu ere idatzi zituen, tartean bere autobiografia, Muhammad Iqbal poeta eta filosofoaren inguruko hausnarketak eta kartzelako egunkaria. Izan ere, 15 urte luze igaro zituen kartzelan. 2010etik zendu arte, berriz, etxe barruko arrastatzean izan da, ezin aterata eta Poliziaren kontrolpean. Fededun sutsua, musulmanen batasuna irmo defendatzen zuen.

Indiaren 1947ko partizioaren ostean, Indiak militarki okupatu zuen Kaxmir eta gaur egun herrialdea osatzen duten estatuen artean gehiengo musulmana duen bakarra da. Munduko eskualderik militarizatuenetarikoa ere bada.

Indiako Gobernu hinduzaleak Kaxmirren autonomia guztiz ezabatu zuen 2018an. Hala ere, independentismoak tinko dirau bertan eta independentzia edo Pakistanekin bat egitea defendatzen duten talde armatuek borrokan jarraitzen dute. 1947ko partiziotik hiru gerra egon dira Pakistanen eta Indiaren artean, horietako bi Kaxmirreko auziagatik. 1999an ere bi herrialdeen artean liskarrak izan ziren eta 2003az geroztik su eten hauskorra mantentzen dute.

Imran Jan Pakistaneko lehen ministroak «tristura handia» agertu eta Geelaniren «hil arteko borroka» goraipatu du publikoki. «India estatu okupatzaileak atxilotu eta torturatu egin zuen, baina irmo eutsi zion bere herriaren eta autodeterminazioaren aldeko borrokari».

Defensor de la integración en la musulmana Pakistán

Syed Ali Shah Geelani comenzó a luchar desde los años sesenta por la independencia de Cachemira, pero siempre defendió la anexión del territorio por parte de Pakistán.

Esta rebelión contra las fuerzas armadas ocupantes indias y la represión de Nueva Delhi ha dejado un saldo de decenas de miles de muertos desde 1989, la inmensa mayoría civiles.

El finado líder independentista rechazaba las negociaciones directas con el Gobierno indio a menos que este aceptara oficialmente a Cachemira como «un territorio en disputa».

Geelani se opuso siempre a las esporádicas tentativas de diálogo entre India y Pakistán. El fracaso de esos intentos pareció darle la razón.

En estos días en los que Afganistán copa, cada vez menos, los titulares, su muerte evidencia que la región es escenario de otras crisis calientes. Empezando en Cachemira, y sin olvidar a Afganistán.D.L.