GARA Euskal Herriko egunkaria

Talibanek Txinarekiko harremanak lehenetsiko dituztela aurreratu dute

Afganistan berriaren «lehentasunezko bazkidea» Txina izango dela ziurtatu dute talibanek, batez ere arlo ekonomikoan. Txinaren etsai diren mugimendu uigur eta balutxek ez omen dute babesik izango Afganistanen. Babes politikoa Qatarrek emango die talibanei.


Talibanek Qatarren duten bulego politikoaren eledunak, Mohamad Naimek, Txinak Kabulgo enbaxada mantenduko duela iragarri du, eta Afganistanekin harremanak sendotuko dituela ere gaineratu du. Bere aldetik, Pekinek txalotu egin du talibanek Asiako erraldoiak herrialdean dituen interesak babesten dituen konpromisoa berretsi izana.

Maulvi Abdul Salam Hanafi arduradun talibana eta Wu Jianghao Txinako Kanpo Arazoetarako ministrordea telefonoz mintzatu dira egunotan. Bada, Naimek azaldu duenez, Jianghaok bi herrialdeen arteko harremanak «lehen baino sendoagoak» izango direla hitzeman du, «Afganistanek eskualde osoan segurtasunaren eta garapenaren auzietan zeresan handia» duela-eta.

Ildo horretan, Txinako Kanpo Arazoetarako Ministerioak “Global Times” egunkariari jakinarazi dionez, talibanek Pekinek Afganistanen dituen interesak babestuko dituztela agindu du Abdul Salam Hanafi botere berriaren arduradunak. «Talibanek ez diogu inoiz inori utziko Afganistango lurraldea Txinaren interesen kontra erabiltzen. Are, Txinako agentzien eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartuko ditugu».

Pekin beldur da Xinjiangen uigurren aurkako kolonizazioaren kontra borrokatzen diren talde islamistek ez ote duten Afganistanen babesa eta laguntza lortuko. Bide batez, Balutxistango erakunde independentista armatuek ere Txinako interesak dituzte jomugan, batez ere Gwadarreko portuan, Indiako Ozeanoan.

«Lehentasunezko bazkidea»

Zabihulah Muyahid talibanen eledun nagusiak ere argi utzi du “La Repubblica” Italiako egunkarian Txina erregimen berriaren «lehentasunezko bazkidea» izango dela. Aukera bazterrezina da talibanentzat Txinaren babesa, batez ere herrialdea berreraikitzeko lanetan inbertitzeko prest agertu delako. Bide batez, Pekinek bere diplomazia lan isilarekin aurrera jarraitzen du. Suhail Sahin talibanen nazioarteko ordezkariak ziurtatu duenez, Txinak laguntza humanitarioa ere gehituko du, covid-19aren pandemiaren aurkako tratamendurako hain zuzen.

Uztailean, talibanak Kabulera iritsi baino lehen, Wang Yi Txinako kantzilerrak Abdul Ghani Baradar “Koranaren ikasleek” munduari begira aukeratu duten ordezkaria hartu zuen Pekinen, eta «talibanen ezinbesteko indar militar eta politikoa» onartu zuen.

Gertuago, estatubatuarrek Afganistanetik alde egin eta gero, Txina baikor agertu da talibanek «gobernu islamista baina irekia» osatuko dutela. Are, Afganistan «hasiera berri baten atarian» dagoela ziurtatu du.

Gobernuaren aurkezpena

Talibanak atzoko ostiraleko otoitzaren ostean ziren gobernu berria aurkeztekotan. Aldiz, ekitaldia atzeratu egin zuten, gutxienez gaur arte.

Sher Mohammad Abbas Stanekzai talibanek Qatarren duten bulego politikoaren zuzendariordeak aurreratu duenez, Exekutiboan ziurrenik ez da emakumerik egongo. Tolo News bertako telebista kate pribatuak aurreratu duenez, Hibatullah Akhundzada emirra Afganistango agintari erlijioso gorena izango da, aldiz, gobernuburua beste norbait izango omen da. Baradarrek kargu inportantea izango du Tolo Newsen arabera.

Londres eta Berlin

Mohamad Abbas Stanekzaik bilerak izan ditu azken egunetan Britainia Handiko eta Alemaniako ordezkariekin, Simon Gass ordezkari britainiarrarekin eta Marcus Potzl enbaxadore alemanarekin hain zuzen ere. Bilerak Doha Qatarreko hiriburuan izan dira. Mustafah Kokso enbaxadore turkiarrarekin ere bildu dira ordezkari talibanak.

Argi dago Qatarreko emirerriak berebiziko papera izango duela Afganistanen, bera izan baitzen AEBen eta talibanen negoziazioetako bitartekaria. Kabuleko aireportua ere Qatarren esku geratuko da ziurrenik eta, antza, segurtasunaren ardura Turkiari utziko dio.