GARA Euskal Herriko egunkaria

«Otso bakartien» aurka, terrorismo legea aldatuko du Zeelanda Berriak

Zeelanda Berria urteetan saiatu da joan den ostiralean jendeari labankadaka eraso zion Sri Lankako jihadista bidaltzen. Jacinda Ardern lehen ministroak terrorismoaren aurkako legea zorroztuko du.


Ahamed Aathil Mohamed Samsudeen-i errefuxiatu estatusa kendu zioten eta 2019an herrialdetik botatzeko agindu zuten.

«Tamil etniakoa izanik, Sri Lankara itzuliko balute atxilotu eta torturatu egingo luketela argudiatu zuen eta terrorismoaren aurkako legedia erabiliz zigortzeko saiakera guztiek porrot egin zuten», azaldu du atsekabez Jacinda Ardern lehen ministroak.

Ahamed Aathil Mohamed Samsudeen 2011n iritsi zen Zeelanda Berrira, ikasle-bisarekin. Bi urteren buruan errefuxiatu estatusa onartu zioten.

2016an Poliziaren zaintzapean jarri zuten Facebooken eraso jihadistak goratzeagatik. Siriara joatekoa zela, Auckland-eko aireportuan atxilotu zuten, ehiza-labana eta Estatu Islamikoaren propaganda maletan zuela, eta hiru urtez preso egon zen.

«Otso bakartiak» labanaz eraso bat egiteko asmoa bazuen ere, uztailean aske utzi zuten. «Kartzelan mantentzeko saiakera guztiak ezerezean gelditu ziren», deitoratu du Ardenek, irailerako Parlamentuak terrorismoaren aurkako legea zorrozteko aldaketak onartuko dituela iragarriz.

Joan den ostiralean, 32 urte zituen jihadistak labana hartu eta zazpi pertsona zauritu zituen –hiru, larri–, Aucklandeko supermerkatu baten. Atzetik zuen Poliziak tiroz hil zuen.

«Paranoikoa»

Andrew Coster polizia-komisarioak ziurtatu duenez, azken momentura arte ez zuen ezer arrarorik egin. Poliziak distantzia mantentzen zuela onartu du, jihadistak «paranoia» handia zuelako. Ondorioz, bi minutu behar izan zituen Poliziak zaintzapean zuen erasotzaileari aurre egiteko. Bi minutu luze biktimentzat.

«Guk ez genuen atxilotzeko inolako lege-arrazoirik», gaineratu du Costerrek, «aukera bakarra ahal bezain gertutik zaintzea genuen», gaineratu du.

Sri Lankako Gobernuak jakinarazi duenez, ikerketan laguntzeko prest dago. «Zentzurik gabeko indarkeria gaitzesten dugu eta prest gaude Zeelanda Berriko agintariei laguntzeko, nola edo hala», esan du Kohularangan Ratnasingam Kanpo Arazoetarako ministroak.

Sri Lankako iturri polizialek aurreratu dutenez, erasotzailearen anaia Kolonbo hiriburuan bizi da eta galdekatu egin dute. «Berari eta berarekin kontaktuan egon diren guztiei buruzko informazioa jasotzen ari gara». Hala ere, ez dirudi jihadistak azkenaldian bere jaioterrira bidaiatu zuenik.

Sri Lankako Kontseilu Musulmanak «terrorismo ekintza basatia» salatu du. «Argi dago guztiok bat egin behar dugula nonahi terrorismoaren eta estremismoaren aurka, guztion onerako», azaldu du Kontseiluko eledun Mohamed Hishamek.