GARA Euskal Herriko egunkaria

Yanick Matecijek, Gasteizko «ironmana»


Covid-19aren pandemiak eraginda, bertan behera geratu zen iaz Gasteizko Ironmana. Ibilbidea Gasteizko erdialdetik Salburua ingurura aldatuta, berriz, atzo nola edo hala jokatu ahal izan zuten parte-hartzaileek, «duatloi» formatuan izan bazen ere.

Izan ere, Ulibarri-Ganboan batu ziren mila bat parte-hartzaileek bakoitzak norberaren sudurra ikusten bazuen nahikoa lan, behe lainoaren erruz. Hala ere, bizikletan 180 kilometro eta korrika maratoia bete zituzten partaideek, igeriketako proba bertan behera geratuta ere, behe lainoak edo hezetasunak «burdinazko gizakiok» herdoiltzeko beldurrik gabe. Ikuskizunak aurrera jarraitu behar zuela erabaki zuten antolatzaileek.

Azkenean, 7 ordu, 29 minutu eta 15 segundoko denbora egin ostean, Yanick Matecijek frantsesak eraman zuen «duatloi» amaigabe hori, Massimiliano Marsili italiarraren eta Vanrisch McLean britainiarraren aurretik. Emakumeen artean garaile, berriz, Turkiako Sera Sayar izan zen, 8 ordu, 36 minutu eta 26 segundoko denbora eginez.