D.L.

Estatu Islamikoaren Sahara Handiko burua hil duela dio Armada frantsesak

Adnan Abu Walid al Saharaui ustez Estatu Islamikoak Sahara Handian duen agintari gorena «neutralizatu» dutela iragarri zuen atzo Emmanuel Macron presidente frantsesak. «Sahelen ari diren erakunde terroristen aurkako borrokan beste garaipen handi baten aurrean gaude», idatzi zuen Twitterren Eliseo jauregiko maizterrak, eta “Serval” eta “Barjane” operazioetan hildako soldaduak omendu zituen.

François Hollande orduko presidente frantsesak milaka soldadu bidali zituen Sahelera “Serval” operazioan, erakunde jihadistek tuaregen matxinada bat profitatu eta Maliko iparraldea kontrolpean hartu eta gero. “Serval” operazioa “Barkhane” operazioa bilakatu zen 2014an. Ordutik 5.100 soldadu frantses daude basamortu erraldoi hartan.

Hori bai, Emmanuel Macron presidenteak operazioaren amaiera iragarri zuen joan den ekainean, Estatu frantsesak, bere esanetan, ezin dituelako ordezkatu «beraien ardurak hartzen ez dituzten eta segurtasuna eta zerbitzu publikoak bermatzen ez dituzten bertako estatuak». Hau da, Mauritania, Mali, Burkina Faso, Niger eta Txad.

Polisarioko kide ohia

Sahara Handiko Estatu Islamikoaren (EIGS) ustezko buruzagia aire eraso batean erail dutela ziurtatu zuen atzo Florence Parly Indar Armatuen ministro frantsesak.

Adnan Abou Walid al-Saharaui Fronte Polisarioko kidea zen eta Maghreb Islamikoaren Al-Qaedarekin (AQMI) bat egin zuen. Irak eta Siria artean Estatu Islamikoak eratutako kalifa herriaren haritik, EIGS sukurtsala sortu zuen 2015ean. Mali, Niger eta Burkina Faso arteko «muga hirukoitzean» eraso odoltsuak egin ditu sarri EIGS taldeak atzerriko eta bertako soldaduen aurka, zibilen eta erakunde humanitarioetako kideen hilketak ahaztu gabe.

Al-Qaeda du Estatu Islamikoak lehiakide Sahelen, Islamari eta Musulmanei Laguntzeko Taldea (JNIM) hain zuzen ere. Buruzagia Iyad Ag Ghaly omen da, Estatu frantsesaren «etsai publiko nagusia».