Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

«Cumbre Vieja, politika zaharra»

Iganderako dugu Tenerifera bidaia eta ezin jakin egin ahal izanen dugun. La Palmako egoerak nora joko ote duen zain gaude eta, oraingoz bertan behera utzi ez badigute ere, ez dugu oso argi zer nolako egunak izan daitezkeen.

Sumendiaren erupzioa hasi zenetik, oporrak zelan emango ditugun irudikatzen saiatu gara. Nola egon hondartzan horren gustura, ondoko irlako biztanleek dena galdu dutela jakinda? Ez da hau, ordea, horrelako pentsamenduak izan ditugun lehen aldia. Kanarietan izandako azkenengoetan, paradisuan lez geundela, ozeano zabalean kasik ezin sostengatu daitezkeen ontzietan iristen ziren migranteak genituen distantzia gutxira.

Cumbre Vieja berpiztu den honetan, berriz ere naturak bizitzeko beste aukera bat eskaini digula pentsatu dut. Irudiei begira, baina, espektakulu hori ikustera sartzeko ordaindu beharreko prezioa infernua bera dela argi badago ere.

La Palman erre diren platano zoru guztien irudia burutik kendu ezinik, munduaren beste aldean bananak jasoz bizirauten duten adingabeekin oroitu naiz. Eta zazpi hasperen bota ditut; Afganistanen, Kabuleko aireporturako bidean, infernutik ihes egin nahian, Estatu Batuetako Armadak eraildako zazpi haurrekin gogoratu naiz.

Infernua da ordaindu beharreko prezioa, baina beti berdinek ordaintzen dutela begi bistan geratu da berriz ere.