EDITORIALA

Adinekoen egoitzen eredu ankerra agerian

Txara I adinekoen egoitzari egindako ikuskapen baten emaitzek hautsak harrotu dituzte. Ikuskaritzaren txostenak dio langile falta dagoela eta ez direla ordezkapen guztiak egiten. Besteak beste, aipatzen ditu medikuaren eta erizainen oporren kasua, fisioterapeuta falta –nahiz eta nahitaezkoa izan– eta psikiatriako zerbitzu presentzialik ere ez egotea. Horretaz gain, ordutegien kudeaketa eskasa dela dio txostenak; esate baterako, egoiliarrek ordu asko ematen dituzte ohean, jan gabe. Ikuskapenaren emaitzak ezagutu bezain pronto, Maite Peña diputatuak azalpenak eman zituen, larritasuna kendu nahian, baina atzo adinekoen egoitzetako langileek argi esan zuten txostena motz gelditu dela. Hain zuzen ere, txostenak jasotzen dituen gabeziengatik 250 egun baino gehiago greban bete dituzte egoitzetako langileek. Senideen elkarteak ere langileen bertsioa berretsi zuen.

Adinekoen egoitzen inguruko salaketak ez dira berriak. Pandemiarekin areagotu ziren, konfinamenduak ereduaren hutsuneak eta kudeaketaren gabeziak ageriago utzi zituelako. Zerbitzu pribatua diru publikoarekin ordaintzen duen Aldundiaren kontzesioak dira. Irabaziak lortzeko, enpresa horiek behar baino langile gutxiago izanez aurrezten dute –txostenak jasotzen duenez– eta zerbitzua kaltetzen du horrek. Okerrena da kalte horiek adineko pertsonek jasaten dituztela eta hori onartezina da. Jendea produkzio-kate baten produktuak balira bezala tratatzea gizagabea da. Ereduak horretara bultzatzen du; hortaz, ankerra eta lotsagarria da eta aldaketa sakonak behar ditu. Adinekoei ere bizi-baldintza duinak eskaini behar dizkie.

Txostenak Gipuzkoako Aldundiaren ardura agerian utzi du, baina Bizkaiko eta Arabako kasuak antzekoak dira. Eta ardura politiko hori bi mailatan kokatzen da; batetik, aldundiek erantzukizuna dute eredu anker hori bultzatzeagatik, eta, bestetik, enpresei gutxieneko batzuk betetzeko ez eskatzeagatik. Bada garaia, gutxienez, langileek planteatutako bidezko eskaerei jaramon egiten hasteko. Gero, eredua aldatu beharko dute.