Jon ORMAZABAL
PILOTA

Galdutako jarraikortasuna kaiolan aurkitu nahi

Azkenaldian nahi baino partida gutxiago jokatuta, ikusteko dago lau eta erdiangauza handiak egindako Urrutikoetxeak eta Erik Jakak zer maila emango duten.

Pilota profesionalarena bezalako egutegi estu batean, nekez izaten dute pilotariek hurrengo helburu edo txapelketa nahi bezala prestatzeko aukerarik. Ez da hori Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jakaren kasua, udako Mastersean finalerdietatik kanpo geratu ostean, hilabete izan dute-eta kaiolako txapelketa prestatzeko. Izan ere, binaka euren mailak merezi duen partida kopururik ez dute jokatu azkenaldian: irailean bina partida jokatuta, erritmoa da biek ala biek faltan botako dutena, are gehiago batak zein besteak izan dituzten osasun arazoak kontuan hartzen baditugu.

Zaratamokoaren kasuan, esaterako, azken bi lau eta erdiko txapelketei uko egin behar izan zien, eskuko arazoekin 2019an eta bularreko giharretako lesio batekin iaz. Horri duela urte batzuk pairatutako mononukleosia eta atzelari jokatutako txapelketak gehituta, bere lekua topatzea kosta egin zaio Zaratamokoari azkenaldian.

Jakarentzat 2020a sekulako urtea izan zen, buruz buruko txapela jantzi eta lau eta erdiko finalera heldu baitzen. Hori bai, aurretik eta atzetik ere izan ditu bere komeriak. Binakakoan, Zabaletarekin finalerdietan zela birus batek ez zion bere maila ematen utzi eta aurtengo buruz burukoan ezin izan du bere txapela defendatu, Baikorekin jokatutako lehen partidan pairatutako bihotzeko beste gaixotasun batengatik. Udako Mastersa erritmoa hartzeko baliatu zuen eta, irailean nahi beste jokatu ez badu ere, prest omen dago lau eta erdian berriz ere lehiakor izateko. «Oso gogotsu nago. Buruz Buruko Txapelketa galduta, nik uste arantzatxoa hortxe dudala. Orain beste txapelketa bat hasten da, ligaxka oso gogor eta polita daukat aurretik eta, ondo heltzen naiz, aitzakiarik gabe», azaldu zuen lizartzarrak.

Alde horretatik, bizkaitarrak badu abantailatxo bat, larunbatean Lekeition Victor eroso antzean gainditu baitzuen beti horren arriskutsua den lehen partidan. Egia da errioxarrak ez zuela espero zen bezainbeste estutu, baina berea oso ondo egin zuen Urrutikoetxeak. Datorren asteartean, ordea, bestelako partida espero du. «Lehenbiziko aldia da elkarren aurka jokatzen duguna lau eta erdian. Partida berria da bientzat, baita partida zaila ere», azaldu zuen.

Errespetu handia

Errespetu handia diote elkarri bi pilotariek. «Iazko kaiolako finala jokatzetik dator Jaka eta oso ondo egokitzen da distantzia honetara. Egia esan, fisikoki oso ondo ikusten dut, nik uste partida guztietan berea ematen duela eta errematatzerako orduan onenetakoa da», azaldu zuen Mikel Urrutikoetxeak atzo Beotibarren izandako arazorik gabeko material aukeraketan.

Ezin bestela izan eta lizartzarrak ere hitz politak baino ez zituen izan bere hurrengo areriorentzat. «Beti esan dut eta beti esango dut Mikel dagoen pilotaririk konpletoenetakoa dela,  aurrelari zein atzelari jokatzeko gai da,  lau eta erdian, buruz buru... Gutxik egin dezakete berak egiten duena eta, gainera, txispaz heltzen dela ikusten da; konfiantzaz dator eta partida zaila izango dut», aipatu zuen Erik Jakak.

Asperen omenaldia Aimarri

Bestalde, Aspek atzo jakitera eman zuenez, Eibarko enpresak omenaldia egingo dio igande honetan Aimar Olaizolari, Goizuetakoak Astelenan jokatuko duen azken partidaren harira. Hori dela eta, igandeko jaialdiak aldaketa bat izan du eta Jokin Altunak eta Aitor Elordik jokatu beharreko Lau eta Erdiko Txapelketako partida jaialdiko lehena izango da. Estelar moduan jarri dute Olaizola II.a-Albisu eta Irribarria-Rezusta bikoteen arteko partida.