Imanol CARRILLO
TXIRRINDULARITZA

Gorka Izagirre Movistarrera itzuliko da, «etxera» alegia

Ormaiztegiko txirrindulariak Astana utzi eta bi urterako kontratua sinatu duEusebio Unzuek gidatzen duen taldearekin. «Etxera» bueltan dela adierazi du.

Movistarrek datorren denboraldirako taldea osatzen jarraitzen du. Azken egunetan, Oscar Rodriguez, Max Kanter, Alex Aranburu eta Oier Lazkano fitxatu dituela jakinarazi du Nafarroako taldeak, eta atzo beste euskaldun baten fitxaketa plazaratu zuen: Gorka Izagirre. 34 urte dituen Ormaiztegiko txirrindulariak datozen bi denboraldietarako kontratua sinatu du Eusebio Unzuek gidatzen duen taldearekin. Bigarren etapa izango du bertan. Izan ere, Movistarretik Bahrainera abiatu zen eta ondoren hiru urte igaro zituen Astanan. Izagirre anaietako zaharrenak bederatzi garaipen lortuak ditu; horietako batzuk aipatzearren, Giroko etapa bat (2017), Espainiako txapelketa bat (2018) eta Proventzako Tourra (2019) eta Gran Trittico Lombardo (2020) –gaur egungo Tre Valli Varesine– lasterketa handiak.

«Oso pozik nago Movistarrera itzultzeagatik, eta ‘itzuli’ esaten dut hemen pasa nituen lau urteak nire karrerako onenetarikoak izan zirelako, bai kirol arloan, baita gogo-aldarte aldetik ere. Ume batek bere etxea utzi eta beste toki batera bidaia egiten dueneko momentu hori bezala aritu naiz urte hauetan: mundua ezagutu dut eta orain etxera bueltatzen naiz. Dakidan eta erakutsi didaten guztia eskaintzea espero dut talde honi dena emateko berriro», azpimarratu zuen Gorka Izagirrek.

Caja Rural: hiru berritze

Caja Ruralek hiru txirrindulariren berritzeak iragarri zituen atzo: Sergio Martin madrildarra, Jefferson Cepeda ekuadortarra eta Aritz Bagues gipuzkoarra.

Bora Hansgroheren «bikoitza»

Matthew Walls britainiarrak, Gran Piemonteko 105. edizioan, eta Jordi Meeus belgikarrak Paris Bourges lasterketan lortutako garaipenei esker, Bora Hansgrohe taldeak «garaipen bikoitza» sinatu zuen atzo, denboraldiko 29. eta 30. garaipenak poltsikoratuz.

Matthew Walls 23 urteko txirrindulariak esprintean irabazi zuen Rocca Canavese eta Borgosesia arteko lasterketa, 168 kilometrokoa. Tokioko Olinpiar Jokoetan omnium proban txapeldun izandako eta madisonen Ethan Hayterrekin batera zilarra eskuratu zuen txirrindularia Giacomo Nizzolo italiarra (Qhubeka) eta Olav Kooij herbeheretarra (Jumbo Visma) baino azkarragoa izan zen. Alex Aranburu gipuzkoarra (Astana) 14. postuan sartu zen.

Atzokoa Wallsek profesional mailan lortzen duen bigarren garaipena da. Lehenengoa denboraldi honetan bertan lortu zuen, Norvegiako Itzulian.

Bestalde, guztien artean faboritoa zen Arnaud Demare frantziarra (FDJ) baino azkarragoa izan zen Jordi Meeus belgikarra Paris Bourgeseko 71. edizioan. Niccolo Bonifazio italiarra (Total Energies) hirugarren izan zen.

Bost txirrindularik eguneko ihesaldian parte hartu zuten; horien artean zen Ibon Ruiz gasteiztarra (Kern Pharma). Berarekin batera Gallopin (AG2R), Leveau (Xelliss-Roubaix), Carisey (Delko) eta Bassett (Rally) aritu ziren, baina Groupama-FDJ eta Alpecin-Fenix taldeek tropelean erritmoa bizitu eta ihesaldia bertan behera utzi zuten.

Women's Tour: Wiebes irabazle

Lorena Wiebes (DSM) herbeheretarrak esprintean irabazi zuen The Women’s Tour-eko hirugarren etapa eta bere herrikide Demi Volleringek (SD Worx) lidergoa mantentzea lortu zuen. Laugarren tokian Movistarreko Sheyla Gutierrez helmugaratu zen. Errioxarrak protagonismoa izan zuen etapan, bakarkako ihesaldiren bat egiten saiatuz. Lourdes Oyarbide (Movistar) eta Ane Santesteban (BikeExchange) talde nagusian heldu ziren. Arabarra 3:01era dago, eta Errenteriakoa, 3:08ra.