Udatik negura bidean
Hilabete pasatxo da udazken meteorologikoan sartu ginela eta egia da orain arte udazkenetik ezer handirik ez duela izan eguraldiak, azken egun hauek kenduta. Baina zertan aldatzen da atmosfera udazkenean, udarekin alderatuta? Eta zer eragin du honek gizakiarengan?
Jet-Stream deritzon korrontea, hau da, borrasken kokapena baldintzatzen duen korrontea, latitudez jaisten hasten da, eta borraskei atea irekitzen die beherago dauden latitudeetara jaisteko. Eguraldi aldakorrak ere izaten dira. Egun batean borraska batek ekarritako hego haizeak 27-28°C bero ekartzen dizkizu; hurrengo egunean, borraska eta antizikloiaren artean ipar-mendebaldeko haizeak 16-17°C, euria eta freskotasuna; eta azkenik, antizikloia gainean ipini eta ipar-ekialdeko haizearekin 20°C, eguzkia eta ondoren gau hotzak.
Eguzki orduak ere gutxitzen doaz. Horrekin, eguneko intsolazio maila jaitsi egiten da, lurrak berotzeko gaitasuna galtzen du eta batez besteko tenperaturak jaisten hasten dira, eta horrekin batera gauak hozten hasten dira.
Horrek zuzeneko eragina dauka gizakiongan. Eguneko tenperatura maximoen eta gaueko minimoen arteko aldea handitu egiten da, eta horrek gizakiaren defentsak ahultzen ditu; horren ondorioz gaixotasunek gehiago erasotzen digute. Horregatik, urte sasoi honetan oso garrantzitsua da elikadura eta egunerokotasunean janzten duguna ongi zaintzea, geure burua ere zaintzeko.