GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Sasoia bikain amaitzeko, hemen da Il Lombardia


Hemen da jada txirrindularitza denboraldiko azken monumentua: Il Lombardia, alegia, Como eta Bergamo artean korrituko den 239 kilometroko lasterketa. Hortxe arituko da, besteen gainetik, Alejandro Valverde murtziarra. Hamargarren parte hartzea du gaurkoa.

41 urte beteta, Movistarreko liderrak garaipena erdietsi nahiko du. “Hildako hostoen klasikoa” izenez ere ezagutzen den lasterketa honetan, hirutan lortu du bigarren izatea: 2013, 2014 eta 2019an. Orain, 2018an munduko txapeldun izandakoak talde ona izango du bere zerbitzura: Marc Soler, Davide Villella, Jose Joaquin Rojas, Antonio Pedrero, Nelson Oliveira eta Dario Cataldo.

Vueltan erorikoa izan eta gero, indartsu itzuli da Valverde errepidera. Garaipen bat eta sailkapen nagusiko bigarren postua lortu zituen Siziliako Giroan, eta Milan-Turinen hamargarren izan zen. Hala ere, eskarmentua soilik ez du nahikoa izango garaipena erdiesteko. Aurrean txirrindulari gazteagoak baina oso ibilbide oparoa dutenak arituko dira Il Lombardian. Hala, berriki Emiliako Giroan eta Milan-Turinen gailendutako Primoz Roglic esloveniarra buru dela, aurkari indartsuak egongo dira Comoko irteera-gunean.

Hasteko, haren herrikide Tadej Pogacar-ek palmaresa handitu nahiko du. Ondo-ondoan izango dute, ziur aski, Julian Alaphilippe ostadar maillota jantzita. Hautagaiak asko izango dira, ordea: Copa Bernocchin erakustaldia emandako Remco Evenepoel, bere taldekide Joao Almeida, Adam Yates britainiarra –Jonathan Castroviejo bizkaitarraren laguntzarekin Ineos taldean–, Bauke Mollema herbeheretarra, Michael Woods kanadarra eta Vincenzo Nibali italiarra.

Zerrenda horretan Mikel Landa Bahrain taldeko euskalduna ere sar liteke. Berriki Kroaziako Itzulian parte hartu du 31 urteko txirrindulari arabarrak, eta harekin batera arituko dira Dylan Theuns, Santiago Buitrago, Matej Mohoric, Domen Novak, Hermann Pernsteiner eta Stevie Williams.

Caja Rural, Vendeen

Caja Ruralek Vendeeko Tourrean emango dio amaiera aurtengo denboraldiari. Jon Aberasturi esprinterraren indarra erabili nahiko du talde nafarrak garaipena erdiesteko. Arabarraren azken lasterketa izango da Caja Ruralekin, Trek taldeak fitxatu baitu datorren urterako. Berarekin batera arituko dira David Gonzalez, Joel Nicolau, Josu Etxeberria, Jon Barrenetxea, Jokin Murguialday eta Alberto Serrano.

Wiebesen bigarren garaipena

Lorena Wiebes herbeheretarrak bigarren garaipena lortu zuen atzo, esprintean hori ere, The Women’s Tour lasterketan. Gaur azken etapa korrituko dute eta Demi Volleringek lidergoa defendatuko du.