Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Alberto Urtasunek bide berriak sortu ditu Pirinioetako hormetan

Beste sokakide batzuekin batera, eskalatzaile nafarrak Paso de los Alanos, Ezkaurre eta Foratatan jardun du. Denera, bost bide zabalduditu, eta guztiek ala guztiek tresneria finko oso gutxi dute. Alabaina, Urtasunek uste du, estetikoak izateaz gain, oso egokiak direla.

Alberto Urtasunek mezua bidali zigunean, argi genuen bide berrien inguruan hitz egingo zigula. Eta asmatu genuen. Eskalatzaile nafarra Pirinioekin erabat harrapatuta dago, eta, egiten dituen jardunen artean, bide berriak sortzeari lehentasuna ematen dio. Orriotan maiz aipatu ditugu Urtasunek mendilerro horretan eginiko aportazio guztiak, eta berriro beste bost “altxorrekin” hurbildu zaigu.

Irakurtzen den bezala, sortzaile hori ez da geldirik egon. Une honetan, ordea, bai; izan ere, eskalatzen ari zela, istripua izan berri du. Beraz, lerrootatik animoak bidaltzen dizkiogu.

Urtasunek GARAri bidalitako lerroburuek diote bost bide berri zabaldu dituela sokakide ezberdinekin Ezkaurren, Paso de los Alanosen eta Foratatan.

Oro har, proposamen berrien ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dugu ez direla oso luzeak; 110 eta 170 metro artekoak dira. Halere, badute azpimarratu behar den ezaugarri bat: marra guztiek seguru finko gutxi dituzte.

Kronika honen lehen geldialdia Paso de los Alanosen egingo dugu, uzta handiena hango paretetan lortu baitu. Denera, hiru bide berri zabaldu ditu. Lehenak “Big shit, good stick” du izena. 170 metro eta 7a/+ (6b+, halabeharrez) dituen marra horren inguruan, Urtasunek dio ederra eta agerikoa dela: «Horma horretan hainbat bide daude, eta, hain zuzen ere, ‘Picazo’-ren eskuinera Iñigo Antonek eta biok gurea sortu dugu. Ia ez du tresneria finkorik; soilik parabolten bat plaketan eta bileretan. Hirugarren bilgunea garbi dago. Ohiko materiala eramatea aholkatzen dugu, marra honek lan asko eskatzen duelako; batez ere, hirugarren luzeak. Laugarrena, berriz, arroka sekzio sendo bat bilatzen duen zeharkaldi bat da».

“Abrazoterapia” da bigarren proposamena: 110 metro eta 6b+ maila. Aida Chaosekin zabaldu zuen, eta nafarraren ustez bitxi bat da: «Lehen luzea, bederen, goi mailako da. Amaierarik ez duen artesi bat jarraitu behar da, eta luze guztiek kalitate handia dute. Bigarren luzean iltze bat utzi dugu eta bileretan paraboltak. Beraz, oso-oso garbia da. Bidearen azken 15 metroetan arrokarekin arretaz ibili».

Hirugarren eta azken bidea “La poesia de las nubes” da: 120 metro eta 6c/A1. Soilik hiru luze ditu: «Beñat Primorekin jardun nuen. Lehen luzeak arriskua du; gainera, A1 mailako sekzio derrigortu bat gainditu behar da. Ondoren, zeharkaldian, ‘Abrazoterapia’-ra hurbiltzen da, eta amaiera plaka batzuetatik egin behar da. Lehen bileratik irteera zuzen bat egin daiteke, hain justu ertzera eramaten duena (IV/V, 50 m)».

Beste bi

Urtasunek Ezkaurreko murruetan beste marra bat ireki du. Patricia Viscarret sokakide izan du “Las reinas de Napal”-en: 120 metro eta 7a+/b (6b, derrigorrez).

Eskalatzaile honek aurreratu digunez, “Onki Xin” eta “Estel” marren eskuinaldean irekitako proposamen motza da: «Lau luze sortu ditugu. Sekzio horrek dituen plaka onenen bila joan ginen, eta arrakasta lortu genuen. Plaka horiek erlaitz batzuekin tartekatuta daude. Bidearen giltza laugarren luzearen hasieran dago. Hiru txapa dira, mugimendu tekniko gogorrak ditu eta bistan egiteko zaila da. Lehen luzean, plaka eder batean, parabolt bakarra dago. Hirugarren luzearen diedroa ere oso polita da. Bilerek parabolt bana dituzte, eta bidean zehar ezer gutxi utzi dugu».

Amaitzeko, Foratatan, Miguel Tomasekin, “Asko maite zaitut” (150 m, 7b?, 6c derrigorrez) ireki du. Lehen luzea erraza da, baina bigarren eta hirugarren luzeen artean zailtasunak biderkatzen dira: «Hirugarrenaren irteera (3 txapa) askatu gabe dago. Laugarrenak irteera ederra du artesi batetik. Plaketan eta bileretan (lehenbizikoan izan ezik) paraboltak daude».