GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Berak bolada ona luzatu nahi du Porriñon

Eli Cesareo pibotea baja izango da Espainiako selekzioarekin min hartu ostean.


Lau partidutan lau garaipen daramatza Bera Berak Liga hasi zenetik. Sasoiko dagoela erakutsi du Sant Quirze aise garaituta, Tenerifen zailtasunak iraulita eta Malaga eta Valladolid bezalako aurkari arriskutsuen aurka garaipena lortuta. Orain bosgarren garaipena nahi du talde donostiarrak eta horretarako, gaur, 20.30ean, Porriño hartu beharko du mendean bertako udal kiroldegian. Bosgarren jardunaldi hau aurreratu egin behar izan du Bera Berak igandean European League txapelketako lehen kanporaketa jokatuko duelako Paris 92 talde indartsuaren aurka. Aurretik, baina, Porriñon garaipena lortu nahi du Alvarezen taldeak domekako erronkari indar betean aurre egiteko. 

Taldekide guztiak –Espainiako selekzioarekin min hartu duen Eli Cesareo salbu–, A Guardan elkartuko dira berriro selekzioen partidengatik Ligak atsedenaldia izan ostean. Imanol Alvarez eta Maitane Etxeberria Espainiako selekzioarekin aritu dira, Cavo Argentinarekin eta Cardoso eta Fernandes, azkenik, Brasilekin.

A Guardako pabiloian bertan prestatuko du, beraz, Alvarezek oraindik garaipen bakarra lortu duen arerioaren aurkako dema. Lehen jardunaldian Zuazo garaitu zuenetik, ez du punturik erdietsi talde galiziarrak eta, espero lez, jaitsiera postuetatik gertu dago. Hori bai, partida bat gutxiago jokatu du Lanzaroteren aurkako neurketa bertan behera geratu zelako; irailaren 25etik ez du partida ofizialik jokatu.

Talde bat zein bestea asko aldatu dira azkenaldian. Porriñoren kasuan, Maider Barros gipuzkoarra, Haridian Rodriguez, Carolina Bona eta Micaela Casasola fitxatu ditu aurtengo sasoirako. Era berean, gogoratu behar da bi taldeak elkarren aurka jokatu gabe daudela pandemia hasi zenetik. 2020ko otsailaren 29an lehiatu ziren azkenekoz eta, orduko hartan, Bera Berak irabazi zuen 27-22. Porriñora donostiarrek egindako azken bidaia duela bi urtekoa da eta, orduan ere, gipuzkoarrak irabazi zuten, azken hamarkadako norgehiagoka guztietan bezala.