15 OCT. 2021 JO PUNTUA Patriarkatuak gaixotu egiten gaitu Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Atzo kalean izan ginen berriz eraso sexista bat salatzeko. Gasteizen gizon batek bere emaztea hil zuen, semeak etxebizitzan bertan zirela; ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Berriak amorrua eragiten du, baita etsipena ere, ez da gutxiagorako. Emakumeen aurkako indarkeria munduko osasun-arazo epidemikoa dela onartu du OMEk. Gehienetan, emakumeek jasaten duten indarkeriaren fokua bikote-harremanetan jartzen bada ere, argi dago indarkeria motak askotarikoak direla eta testuinguru ezberdinetan garatu ahal direla. Badira ezagunagoak zaizkigunak; esaterako, indarkeria fisikoa, sexu-indarkeria, indarkeria psikologikoa eta indarkeria ekonomikoa. Badira, ordea, sotilagoak edo ezkutuagoak direnak, baina ondorio negatibo argiak eragiten dituztenak ere, identifikatzeko zailagoak diren arren. Horren harira, deigarria da sexuaren arabera ezarritako genero rol eta estereotipoen ondoriozko indarkeriak izan dezakeen eragina. Gizon eta emakumeak dugun sozializazio ezberdinaren ondorioz sor daitezkeen osasun-arazo guztiez ari naiz. Hala, hainbat zeregin eta betebehar normalizatzen dira, hala nola zaintza-lanak, ama betebeharrak, betebehar estetikoak, mendetasuna, lan garapenari uko egitea... Horrek hainbat gatazka sor ditzake ikuspuntu emozionaletik, askotan erru moduan. Esanguratsua da emakume «ahularen» estereotipoaren ondorioz emakumeek nabarmenki medikamentu gehiago hartzen dituztela, horrek dakartzan zeharkako ondorioekin. Bestalde, zaintzailearen rolari atxikitzen zaizkionak daude: antsietatea, depresioa edo loaren nahasmenduak. Kasu horietan guztietan, ez biktimak ez erasotzaileak ez dira jabetzen indarkeria erabiltzen ari dela eta, hortaz, are zailagoa da konponbide bat bilatzea edo tratamendu egokia aurkitzea. Zaintza prebentiboa eta hezkuntza goiztiarra landu beharra argia da; izan ere, uste da haurrek 10-12 urte bitartean barneratzen dituztela estereotipoak eta onartzen dutela genero-agindua. Horra hor erronka. En estos casos, ni las v��ctimas ni los agresores son conscientes del uso de la violencia, por lo que es m��s dif��cil buscar una soluci��n o un tratamiento adecuado