GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Agurtzeko indarra Elordirentzat, jarraitzeko zalantzak Peiorentzat

Harmailetako giroa izan da azken urte luzeetan Labriteko larunbat arratsaldeen bereizgarria eta Aimar Olaizolaren agurrean ere aspaldi ez bezalako saltsa izan zen bonbonerako zaleen artean. Goizuetarrak eta Mariezkurrenak 22-14 irabazi zuten.


ELORDI 22

PEIO ETXEBERRIA 15


Jokoan ezer gutxi zuten arren, final-laurdenetako azken partidak ondorioak utz ditzake Aitor Elordi eta Peio Etxeberriarentzat. Bere lehen mailako lehen txapelketan aurrera egiteko balioko ez badio ere, mallabiarrak etorkizunera begirako argudioz bete du zakua, batez ere bere dohainak jokoan jartzeko gai denean onenen artean lehiakor izan daitekeela erakutsi baitu. Irribarria, Artola eta Peio Etxeberriari irabazteko gai izan da eta egungo txapelduna ere estu, oso estu, hartu zuen behin partida galduta zuela uste zuenean. Peio Etxeberriaren kasuan, aldiz, garrantzitsuena Lasoren aurkako partidaren aurretik minik ez hartzea bazen ere, porrotak, batez ere partidaren azken aldera nola erori zen ikusteak, zalantzak sor diezazkioke bere ibilbideko aukerarik handiena izango denaren aurretik.

Erasora jokatzea gustuko duten bi pilotari izan ziren aurrez aurre Aimarren agurrean goraino bete zen Labriten, eta partidaren norabidean garrantzi handia izan zuen erritmoa ezartzeak. Horretan hobeto hasi zen nafarra, pilota luze eta ongi mugituz, Aitor Elordi deseroso egotera behartu baitzuen, huts gehitxo pilatuz. Horrek lehen erdi horretan markagailuan nagusi Peio Etxeberria jartzea eragin zuen; nabarmenen 5-10ekoarekin, Zenotzekoak sakez egin zuen bigarren tantoaren ondoren.

Erabateko aldaketa

Lehen etenaldi luzera ere partida oso kontrolpean zuela zirudiela heldu zen ultzamarra (8-12), baina hortxe hasi zen gidoia erabat aldatzen. Barruan zuen korapiloa askatu balu bezala, eta Peio Etxeberriak sakez egindako bigarren faltaren ostean, bizkaitarra bere dohainei etekina ateratzen hasi zen. Sakea eta hurrengo errematea dira bizkaitarraren jokoaren ezaugarri nagusiak eta horiexek erabili zituen, 9-0eko partzial batekin markagailua iraultzeko.

Burua hurrengo asteko finalerdian edukiko zuelako ziur asko, dena eskuan izanda behar zen tentsioarekin ere ez zen kantxaratuko agian, baina kontua da Peio Etxeberria ez zela aurreko bi asteetan bezain oldarkor aritu, pausoa aurrera eman beharrean atzera eman zuen zenbaitetan eta, kamuts antzean, bere konfiantzarako baino balioko ez zuen garaipenari ihes egiten utzi zion.

Labrit borborka

Harmailetako giroa izan da, azken urte luzeetan, Labriteko larunbat arratsaldeen bereizgarri eta Olaizola II.aren agurrean (22-14 irabazi zuen, Mariezkurrena lagun) ere giroa izan zen protagonista nagusia. Aurreskua, oroigarriak, laudorioak, orain artekoak izan ziren; giroa, ordea, apartekoa.